Jabi Atutxaren ‘Solopecios. Memoria sumergida’ dokumentalak ireki zuen astelehenean 2017ko Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. Urtero legez, Danok Kide Gurasoen Elkarteak antolatu du jaialdia, Realaren Itsaspekoen sekzioaren eta Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz. Gerturatu ziren herritarrek itsaspekari galiziar eta euskaldunen arteko elkarlana isladatzen duen filma ikusi ahal izan zuten, lehenik.
Solopecios taldeak 15 urte igaro ditu Galiziako eta Euskal Herriko uretan barneratzen galdutako itsasontzien bila. Besteak beste, Blas de Lezo gurutzaontziaren, Skyro kargaontziaren eta Hochheimer itsasontzi naziaren hondakinak aurkitu dituzte beraien espedizioetan.
Donostiako CIMASUB jaialdian Urrezko Baranda irabazi zuen proiekzioak, eta urperatze batean bizitza galdutako Alexis Maciari eskaini zioten saria.
Bertaratutako herritarrek Alberto Santolariak zuzendutako Gelidium alga gorriari buruzko dokumental motza ikusi zuten ondoren.
Jardunaldia borobiltzeko Manuel Gonzalez Benaigesen ‘Criaturas Olvidadas’ lanarekin gozatu zuten. Ohiko itsaspeko filmek arrain handiak eta izaki ikusgarriak dituzte ardatz. Honetan, berriz, oharkabean pasatzen diren horiek aztertzu zituzten.
Beste bi jardunaldi
Datozen bi astelehenetan luzatuko da Itsaspeko Zinema Zikloa. 13an Cinemasub jaialdian sarituak izan ziren bi lan ikusiko dituzte: Guillaume Vincenten ‘La conquete des oceans’ eta Jose Carlos Rando Lararen ‘Los secretos de la noche’.
Lehenak Jacques Costeau itsaspekari famatuaren kide François Saranoren abenturak ditu ardatz. Katxalote artean murgildu zen Maurizioko uretan.
Bigarrena, aldiz, dokumental musikatu motza da eta Mediterraneoko irudiak erakutsiko ditu.
Hilaren 20an amaituko da zikloa. ‘La conquete des oceans’ lanaren bigarren zatia ikusteaz gain, beste bost lan motz ikusteko aukera izango dute arratsaldeko 19:00tatik aurrera Manuel Lekuona kultur etxera gerturatzen diren lasarteoriatarrek.