Parekidetasunaren bidean, boxeo jaialdia larunbat honetan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ots. 7a, 18:25

Larunbateko 20:00tatik aurrera boxeoarekin gozatzeko parada izango da Lasarte-Orian. Sei borrokaldi egingo dituzte Maialen Chourraut kiroldegian, hiru emakumezkoenak eta hiru gizonezkoenak.

"Kirol arloan parekidetasuna sustatzea" du helburu larunbatean Lasarte-Oriako Maialen Chourraut kiroldegian egingo duten boxeo jaialdiak. Bioleta Gonzalez eta Eneritz Borinaga boxeolariek irakurritako komunikatuan adierazi dutenez, "kirolaren munduan ez da berdintasunik". Horregatik, "emakumeen arteko kirola susta dadin" eskatu dute.

Sei borrokaldi egingo dituzte arratsaldeko 20:00tan hasita. Lehenik, Eñaut Basasoro gipuzkoarrak eta Lander Kanpo bizkaitarrak borrokatuko dute euren artean. Euskadiko Txapeldun Patricia Yuberoren eta Andrea del Barrio madrildarraren txanda iritsiko da ondoren. Gizonezkoetan EAEko txapeldun den Xabi Burgueñok Ilias Al Ghanata izango du aurkari, eta Eneritz Borinaga plentziarrak Alba Ortiz mallorcarra.

Azken bi borrokaldiak profesionalen artekoak izango dira. Sebas 'Latigo' Perez oreretarrak Franklin Varela venezuelarraren aurka borrokatu behar izango du. Antolatzaileek azaldu dutenez, "etorkizun handiko boxeolaria" da Perez, Espainiako txapeldun bitan izandakoa. Etsai "arriskutsua" izango du aurrean, nahiz eta "eskuko lesio batetik sendatzen" ari den. Gaueko azken zitan, profesionaletan Bioleta Gonzalez bizkaitarrak borrokatuko duen lehena ikusi ahal izango dute lasarteoriatarrek. Katerin Quintana esperientziadun boxeolaria izango da bere aurkaria, "etxetik kanpora lehiatzera ohitua dagoena eta lanak zailduko dizkiona".

Apustu garrantzitsua

Alkate Jesus Zaballosek nabarmendu du Lasarte-Oriako Udalak apustu indartsua egin duela jaialdia herrira ekartzeko. Batetik, "jarraipen murritzagoa duten kirolei tartea egiteagatik" eta, bestetik, "boxeoa bezalako borroka lehiaketetan garrantzitsua delako erakustea emakume eta gizonek baldintza berdinetan aritu daitezkeela.

Udal ordezkariez gain; aurkezpenean Aldundiko kirol zuzendari Iñaki Iturrioz, entrenatzaile Miriam Bergara eta Ramon Cid, sustatzaile Josu Lopategi eta Manu Carrasco, babesle Martin Berasategi eta zenbait boxeolari izan ziren. Besteak beste, Bioleta Gonzalez, Eneritz Borinaga, Sebas 'Latigo' Perez eta Xabier Burgueño.

Sarrerak

Lasarte-Orian sarrerak Gure Etxea eta Arkupe tabernatan eskuratu ahal izango dira. Hauek dira prezioak:

1. eta 2. ilaretan: 17 euro aurretik eta 20 euro leihatilan

3. eta 4. ilaretan: 16 euro aurretik eta 19 euro leihatilan

Harmailetan: 14 euro aurretik eta 16 euro leihatilan

Ostiraleko 19:00tan jaialdiko boxeolarien pisaketa egingo dute Abend Kafe Antzokian.