Inauteriak eta Itsaspeko dokumental zikloa ardatz otsailean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko otsailaren 1a

Hilabetea hastearekin batera, udal ordezkariek otsailerako prestatutako kultur programazioa aurkeztu dute goizean Manuel Lekuonan egindako agerraldian.

Jesus Zaballos alkateak eta Maite Iglesias kulturako zinegotziak aurkeztu dute otsailerako programazio kulturala Xabier Goitia teknikariarekin batera. Hilabete honetako ekintza nagusiak Inauterien inguruko ospakizunak izango dira eta Danik Kiderekin elkarlanean sustatutako Urpeko Dokumentalen Nazioarteko Zikloaren VI. edizioa.

Inauterien ospakizunak hilaren 18an hasiko dira, Euskal Inauteriekin, Okendo plazatik abiatuko den jaialdiarekin. Hilaren 22an, Musika-Eskolako ikasleek kontzertu bufoa eskainiko dute, Inauteriak direla eta otsailaren 25ean, herria inauterietan murgilduko da. Azken urteetakin alderatuta izango da berrikuntzarik, horrela izanda, larunbata arratsaldean konpartsa eta karrozen desfilea egingo da herrian zehar eta igandean berriz, mozorro-lehiaketa.

Bestalde, hilaren 6an, 13an eta 20an, Danok Kideren eskutik, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko VI. Zikloa iritsiko da Manuel Lekuonara. Bertan, hamaika lan proiektatuko dira 19:00etan hasiko diren saioetan “beren kalitateagatik harrituko gaituzte” adierazi du Goitiak. Sarrera saio hauetara, doan dela azpimarratu du teknikariak baita, aurten tartean David Sanchez Carretero herritarraren lan bat ere izango dela ikusgai.

Larunbat honetan berriz, dantza-saioa izango da Manuel Lekuonako auditorioan Ertza konpainiaren esku. Asier Zabaletak zuzendutako taldeak 'Hariak' dantza-ikuskizuna eskainiko du. Honakoa, Harkaitz Cano eta Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarrituta.

Anterkia ere izango da etxeko txikientzat hilabete honetan, hilaren 11n, 17:00etan, Ganso & Ciaren 'Kaput' obra eskainiko da.

Zinema

Zine saioei dagokionean, haur eta helduentzako eskaintza mantenduko da. Haurrentzako, igandean 'Orm Elurretako Erresuma' filma emango da, euskaraz, hilaren 12an, 'Blinky Bill, el koala' proiektatuko da, eta 19an 'Monster Trucks'.

Helduentzako saioetan otsailaren 5ean 'Underworld, guerras de sangre' eskainiko da, hilaren 12an 'Silencio', eta 19an 'Diré tu nombre'. Azkenik, 26an 'Los del túnel' komediaz gozatu ahalko da.

Okendo taldearen zine-forum saioak 10ean eta 24an izango dira. Lehenengoan 'Hasta el último hombre' ikusiko da eta bigarrenean 'La Reconquista'.

Agerraldian herritarrak animatu nahi izan dituzte ekintza hauetan parte hartzera.