anta Ageda bezpera izango da bihar, larunbata eta urtero legez, herriko hainbat talde aterako dira santa eskean gure herriko kaleetatik. Urteurren berezia ospatuko du ordea, Zabaletako taldeak, izan ere, 25 urte dira auzotik baserriz-baserri koplatan ateratzen direla.
Lehenengo urte hura ondo gogoratzen du Antton Garin herritarrak, "Olentzero antolatu genuen lehenengoz eta horrek bultzatuta edo, Santa Ageda bezperan zerbait egitera animatu ginen. Antonio Blas izan zen beste ekintza askotan bezala, sustatzaile".
Horrela izanda, koplak prestatu, jendea animatu eta entsegu batzuk eginda irten ziren duela 25 urte santa eskean. "Urte asko neramatzan Hernanin, nire herrian ateratzen, beraz koplekin lagundu nuen eta Tapia aita eta semearen trikitixa doinuekin, aritu ginen batetik bestera auzoan zehar". Oroitzapen politak ditu Garinek; "orduan auzoa txikia zen eta ez genuen orain besteko denbora behar, egun 4 ordu behar izaten ditugu auzo guztia zeharkatzeko, Hernaniko mugaraino joaten gara". Ohitura errotu dela dio harro Zabaletako bizilagunak; "euria, kazkabarra egin arren, ez dugu hutsik egin" hala ere, "gazte jendea animatu behar da".
Auzoa asko hazi dela eta, jende gazte pila dagoela dio Garinek eta belaunaldi berriak beharrezkoak direla azpimarratzen du beteranoen lekukoa pixkanaka hartzen joateko.
Zabaletako bizilagunek gaur bilera irekia egingo dute 19:30ean auzoko plazan biharkoa prestatzeko.
Larunbatean 18:00etan auzoko plazatik abiatuko dira euren ibilbidea egitera.
Erketz eta Bertso eskola
Bestalde, Erketz dantza taldeak ere egingo du bere ibilbidea erdigunetik. Egun euren entsegu gela den KZGune zaharretik irtengo dira 18:00etan koplak abestuz. Euren ibilbidea nagusiki herriko erdigunetik egingo dute.
Tradizioari hutsik ez dio egingo ere ez Ttakuneko Earra! bertso eskolak. Hauek Xumela koruko kideekin aterako dira Jalgi paretik, 18:30ean.
Tabernaz taberna ibiliko dira santa eskean eta Brijitarren komentuan ere koplak abestuko dituzte. Hauentzat geldiadia zen ere Muntteri euskaltegia baina larunbata izanik, ez dira bertatik pasako. Aurrekistakoaren arabera, bi orduz ariko da herritik kantuan.
Odol berria
Ohitura zahar hau Lasarte-Orian gal ez dadin, belaunaldi berriak gonbidatzen dituzte parte hartzera.