Dantza garaikidea, tamaina errealeko 'txotxongiloak' (hezur-haragizko pertsonak, beste batzuk maneiatutakoak) eta testuak nahastuz, horien bitartez, emanaldi bikaina eskaini du gaur Ertza dantza konpainiak: 'Hariak', euren bizitzak sostengatzen zituzten soka horiek apurtu eta zerotik hasi behar izan duten pertsonetan oinarritutako ikuskizuna. Manuel Lekuona kultur etxera gerturatu diren ikusleek ederki gozatu dute.
Hausnartzeko parada ematen du 'Hariak' emanaldiak: itxuraz sendoa den bizitzan zehar urratsak egiten dituzte pertsonek, baina ez dira kontziente edozein momentutan dena joan daitekeela pikutara, kontrolaezinak diren hainbat gertakarirengatik. Une latz horietan konturatzen dira bizitza zein gogorra izan daitekeen.
Asier Zabaletaren zuzendaritzapean, 2004. urtean sortu zen Ertza konpainiako dantzariak ederki aritu dira kultur etxeko taula gainean. Jatorrizko testua Harkaitz Cano idazle lasarteoriatarrarena da (Joseba Sarrionaindiaren bi poema ere badauzka).