Sestra Ingeniaritza eta Arkitektura SL enpresa arduratuko da Basaundi bailara berrurbanizatzeko proiektua egiteaz. Lau hilabeteko epea du txostena egin eta aurkezteko. 23.999,75 eurokoa da enkarguaren kostua.
Proiektuak zehaztu beharko ditu oinezkoen, ibilgailuen eta belardien guneak berrurbanizatzeko eta birgaitzeko obrak nolakoak izango diren. Gaur egungo irisgarritasun arazoak ere konpondu beharko ditu, indarrean dagoen legediara egokituz beti ere. Era berean, bailarako azpiegiturak eta zerbitzuak berritu beharko ditu, aireko kableak lurperatuz.
Basaundi bailarako bizilagunen iritzia kontuan hartuko du Sestra SLk, berrurbanizatze prozesua egiterakoan. Auzoa hobetzeko dituzten irizpide eta proposamenei buruz galdetuko die.
Lau hilabeteko epea
Arestian esan bezala, lau hilabeteko epean aurkeztu beharko du Sestra SLk berrurbanizatze proiektua. Lau hilabete, eta lau fase: lehen hilabetea igaro eta gero entregatu beharko du aurreproiektua; jarraian, bizilagunekin parte-hartze prozesua egin beharko du; auzotarren iritziak entzun eta jaso ostean, hamabost egun izango ditu irizpideen dokumentua lantzeko, herritarren ekarpenak barne; eta, hortik bi hilabetera, behin betiko proiektua aurkeztu beharko dio Lasarte-Oriako Udalari.