Emaitza onak izan zituzten Buruntzazpiko txirrindulariek Donostiako Antonio Elorza Belodromoan egin zuten Gipuzkoako pista txapelketan.
Asier Pozo kadeteak hirugarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean, Victor Alvaro-SILAM taldeko Telmo Semperenaren eta Allerruko Ekain Jimenezen atzetik geratu ostean.
Egindako lan onaren ondorioz, Gipuzkoako selekzioak konbokatu du Madrilen egingo duten Espainiako Kopan lehiatu dadin.
Gipuzkoako Txapelketa
Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako lau txirrindulari leihatu ziren pasa den larunbateko Gipuzkoako Pista Txapelketan. Asier Pozo, Markel Aristegi eta Aaron Ancizar kadeteak, batetik, eta Arkaitz Murillo opena, bestetik.
Maila ona eman zuen Pozok froga guztietan, nahiz eta ezin izan zuen puntuaketa onena lortu. Aipatzekoa da eliminazio atalean bigarren postua eskuratu zuela, SILAM taldeko Jaime Romeroren atzetik.
Markel Aristegik eta Aaron Ancizarrek ere lan txukuna egin zuten Antonio Elorza belodromoan, eta 13. eta 14. geratu ziren, hurrenez hurren. Open mailari dagokionez, Arkaitz Murillo lehenengo hamarretan sailkatzea lortu zuen, zazpigarren izan baitzen.
Buruntzazpiko entrenatzaile Xabier Carbayeda “pozik” da txirrindulariek egindako lanarekin. Batez ere, “kadeteek parte hartzen duten lehen urtea dela kontuan hartuta”.
Bioracer saria
Aurreko astean neguan zehar jokatutako Bioracer Saria amaitu zuten Buruntzazpiko txirrindulariek. Zortzi jardunaldiren ostean, oso leku onean amaitu dute talde lasarteoriatarreko kirolariek.
Open mailan, Arkaitz Murillok 50 txirrindularietatik 13. postuan amaitu du Saria. Kadeteek guztiek ere sailkapenean erditik gorako emaitza lortu dute: Asier Pozo zortzigarren, Markel Aristegi 21. eta Aaron Ancizar 23. Guztira, 60 lagunek hartu zuten parte. Pistako frogak ia bukaturik dituztela, otsaila amaieran emango diote hasiera errepideko denboraldiari.