Hasieratik jaun eta jabe izan zen pasa den igandean Michelinen Iker Artetxek eta Julen Ormazabalek zuzentzen duten taldea. Baloia ongi jokatuta atera zuten atzeko lerrotik, erdian konbinatuz eta hegaletara bizkor zabalduz. Amara Berrik, aldiz, arazoak izan zituen bere jokoa behar bezala garatzeko eta ezin izan zuten Ostadar SKT-ren presioa gainditu.
3-0ekoarekin joan ziren atsedenaldira; Naiarak, Maialenek eta Ainarak sartutako golei esker. Bigarren zatian, lasarteoriatarren nagusitasuna areagotu zen, baloi jabetza mantendu eta aukera arriskutsuak sortzen jarraitu zuten. Ainararen beste bi golek, eta Candelak eta Saioak lortutakoek partidua itxi zuten.
Azken urratsa ematear
Hirugarren dira sailkapenean, 32 punturekin. Lidertzan Touring eta Ordizia daude, Ostadar SKT-k baino bi puntu gehiago dituztela. Atzean berriz, Urnieta dute hirura. Duela bi aste lortutako garaipenari esker, 'average' partikularra lasarteoriatarren aldekoa da eta, ondorioz, geratzen diren bi jardunaldietako batean garaipena lortuz gero, sailkapena ematen duen hirugarren postua lortuko lukete.
Asteburu honbetan Antigua Luberri jasoko dute Michelinen. Seigarren dira sailkapenean, 26 punturekin, baina joaneko partiduan ez zuten lan erraza izan; bana berdindu zuten Iker Artetxek eta Julen Ormazabalek zuzendutako taldeak.
Inflexio puntua
Zortzigarren jardunaldian Antigua Luberriren aurka berdindu ostean, seigarren zen Ostadar SKT, hamar punturekin. Hurrengo astean Beti Gazterekin neurtu zituen indarrak Michelinen, 6-1eko emaitza lortuz.
Hori izan zen taldearen inflexio puntua. Lesakarren aurkako garaipenaz geroztik, zazpi garaipen eta berdinketa bakarra lortu dituzte. Bestela esanda, azken 24 puntuetatik 22 bildu dituzte.
Denboraldi hasieran falta izan zuten eraginkortasuna aurkitu dute. Azaroaren 20tik hona 34 gol sartu dituzte zortzi jardunalditan; hau da, partiduko lau tanto baino gehiagoko bataz bestekoa mantendu dute. Defentsan ere sendo aritu dira, zortzi astetan zortzi gol jasoaz.
Entrenatzaile Iker Artetxeren ustez, lehen partiduetan kohesio falta izan zuten. “Jokalari berri asko izatearen ondorioz, erritmoan sartzea kosta zitzaigun. Azken bi hilabete hauetan, ordea, joko txukuna egin dugu eta lortutako emaitzak horren adierazle dira”.
Igoera fasea, gertu
Bolada onaren ondorioz, Euskal Ligarako Igoera Fasea gertu du Ostadar SKT-k. Artetxek azaldu du ez dela “erraza” izango sailkapen fase horretan izatea. Geratzen zaizkien bi aurkariak “gogorrak” direla adierazi du. Esan bezala, Antigua Luberriren kontra berdinketa batekin konformatu behar izan ziren lehenengo itzulian, eta Lesakara egin beharko dute bidaia azken jardunaldian Beti Gazte taldearen aurka jokatzeko.
Bi norgehiagoka horietatik bat irabazteko itxaropenak dituzte lasarteoriatarrek. Igoera Faserako txartela lortzea Euskal Ligara sailkatzeko lehenengo urratsa da. Erregional mailako beste multzoko onenen kontra aritu beharko dira, eta amaieran, batek edo gehienez bik erdietsiko dute bakarrik.
Touring, Ordizia, Arizmendi, Mutriku eta Anaitasuna taldeak jadanik datorren fase horretan lehiatuko dira. Azken txartela Ostadar SKT-k edo Urnietak lortuko dute.
Euskal Ligara igotzeko azken helburu hori urruti egonik, orain arte erakutsitako mailari eustea da hurrengo asteetara begira Ostadar SKT-ren erronka nagusia.