Ordiziara joan eta etorri, bizikletaz

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 28a

Trinko triatloi taldeko kideek irteera ederra egin dute gaur goizean. Okendo plazan 09:00etan elkartu, eta Ordiziara joan-etorria egin dute, bizikletaz.

Ezin zuten egun hobea aukeratu Trinkoko kideek urteko bigarren bizikleta irteera egiteko. Giro freskoa kalean eta eguzkia zeruan, bizikleta hartu eta irteera bat egiteko aproposa.

Hamar pertsona elkartu dira gaur goizean Okendo plazan, 09:00etan. Talde argazkia atera, bizikletak hartu eta Ordiziarantz abiatu dira. Hori izan da gaurko ibilbidea: Ordiziarantz joan eta etorri. Gustura geratu dira parte-hartzaileak goizean egindakoarekin.

Trinkoko kideak dagoeneko lehian

Euskal Herriko duatloi eta triatloi denboraldia ez da hasi oraindik, baina Trinkoren kolore berde-beltzak ikusi dira honezkero zenbait probatan. Iurgi Los Arcosek Garingo mendi-lasterketa osatu zuen, eta aurten Kanaria Handietan bizitzen ari den Jon Presak, berriz, Kanaria Handiko maratoi erdia.