Bigarren puntua lortu dute Arteagak eta Erasunek

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 31a, 19:52

Astelehenean Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako partiduan nagusi izan ziren Arteaga II eta Erasun.

Axier Arteaga eta Jon Erasun 22-6 gailendu zitzaizkien Ander Errandoneak eta Julen Martijak osatutako bikoteari. Partidu osoan zehar gehiago izan ziren lasarteoriatarra eta zizurkildarra eta Binakako Promozio Txapelketako ligaxkan bigarren puntua lortu dute. Aldeko tanteoa izanik, bigarren postuan dira. Hurrengo jardunaldian Ugalde eta Martinez izango dituzte aurkari Idiazabalgo Ibarrondo pilotalekuan.

Euskal Herriko Kluben Liga

Intza KEko pilotariek ez zuten zorte handirik izan aurreko igandean Hernaniren aurka jokatutako norgehiagokan. Zortzina hasi arren, ezin izan zioten partidu orekatuari eutsi, eta 22-8 galdu zuten Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak. Aste honetan Atarrabiako Paz Ziganda edukiko dute aurkari eta lasarteoriatarrak ligako lehen puntua eskuratzen saiatuko dira.