Marikixkurren abenturak Manuel Lekuona kultur etxean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urt. 21a, 19:43

XIX. mendeko ipuin klasikoetako bat, Marikixkur, oholtzaratu du gaur arratsaldean GluGlu konpainiak. Herritar ugari (etxeko gaztetxoenak, batez ere) gerturatu dira kultur etxera emanaldiaz gozatzera.

Musika eta dantza antzerkia eta komediarekin uztartu ditu Marikixkur antzerkiak. Gaurko emanaldian genero nahasketa bizi eta fresko horrez gozatu dute kultur etxera hurbildu diren herritarrek. Horrez gain, hausnartzeko parada ere izan dute: familiako kide guztiek intimitatea edukitzeko duten eskubideaz eta elkarbizitzarekiko errespetuaz, hain zuzen. Lepo bete da auditorioa: behekaldean ez da eserlekurik geratu libre eta hainbatek goiko pisutik ikusi dute emanaldia.

Ile kizkur eta urre kolorekodun neska bihurria da Marikixkur. Egun batean, gurasoekin biziki haserretzen da, uste duelako haiek bere egunerokoa irakurri dutela. Horren ondorioz, etxetik alde egin eta basoan galtzen da.

Zuhaitz artean ibiltzen ari den bitartean, hiru hartzen etxetxoa ikusi eta bertan sartzea erabakitzen du. Han dagoela, etxe horretan bizi diren hiru hartzak iristen dira.