Gogotik saiatu dira, baina Intza KEko pilotariak esku-hutsik joan dira Michelingo pilotalekutik. Lemoako EPko Elezkano eta Etxebarriarekin neurtu dituzte indarrak Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak. Bizkaitarrak gehiago izan dira, hasi eta buka, eta horrela islatu da markagailuan ere: 7-22 gailendu dira.
Elezkanoren sakeei eta Etxebarriaren pilotakadei erantzuten lanak izan dituzte herritarrek, hasieran batez ere, eta hori baliatu dute bizkaitarrek markagailuan ihes egiteko; 1-11 irabaztera iritsi dira. Elezkanok aukera dexente eduki ditu aurreko koadroetan eta ez du hutsik egin, ezker gantxo-sorta ederra gauzatuz. Tartean, Intzakoek ere galdu dituzte zenbait pilota.
Lemoak hamaika zituenean egin du Intzak bigarrena, eta pilota aldatzearekin batera orekatu egin dira indarrak zertxobait. Mikel Elola atzelaria indartsuago erantzuten hasi da, eta herritarrak gehiago sartu ahal izan dira jokoan. Halere, Lemoakoek nagusi izaten jarraitu dute eta ez diote garaipenari ihes egiten utzi.
Arteaga nagusi Labriten
Promozioko binakako txapelketako lehenengo puntua poltsikoratu zuten atzo arratsaldean Arteagak eta Erasunek. Bi partidu jokatuta, sailkapenaren erdialdean dira orain. Bakaikoa eta Ibai Zabala hartu zituzten atzo mendean Labriten, 22-15.
Herritarra izan zen atzoko neurketako protagonista nagusia: hamabost tanto egin zituen guztira, horietako bi sakez. Dena den, EiTBri egindako adierazpenetan zehaztu zuenez, ez zen erabat gustura geratu Arteaga, zenbait tanto ere galdu zituelako. Ligaxka itzuli bakarrera izanda, egindako eta jasotako tantoen arteko aldeak ere garrantzia handia edukiko du sailkatuko diren lau bikoteak nortzuk diren zehazterakoan.