Emakumezkoen 1go probintzial mailako Ostadar SKT eta Summa Aldapeta aritu dira gaur goizean elkarren aurka, beste behin ere, itogin artean (Ostadarreko hainbat kide aritu dira bustitako zorua lehortu nahian, partidu osoan zehar). Etxekoen zorionerako, garaiz libratu dira itotzetik: azken laurdenean 9-0eko partziala lortu du Ander Otaegi eta Beñat Eleiceguik zuzendutako taldeak, eta bukaerara arte puntu-tartea mantendu gero. Azkenean Ostadar nagusi, 56-49.
Bigarren fase honetan oraindik ez du partidurik irabazi Summa Aldapetak, baina gertu ibili dira gaurkoan. Ostadar SKTri asko kostatu zaio neurria hartzea neurketari, eta majo sufritu du puntuak etxean uzteko: galtzen joan da atsedenaldira, 23-26.
Bigarren zatiari hobeto ekin dio etxeko taldeak eta aurrea hartu du markagailuan. Dena den, Summa Aldapeta berriro aurreratu da bost minuturen faltan, 41-43. Une horretan erreakzionatu du Ostadarrek, eta 9-0eko partziala lortuta, irauli egin du neurketa. Hortik bukaerara arte aldea mantentzen jakin dute, eta garaipenak ez die ihes egin: 56-49.
"Partidua bertan behera utzi dugu ia"
Ander Otaegi entrenatzailea ez zen oso gustura taldeak egindako lanarekin: "Txarra izan da partidua; Summa Aldapetak ez du norgehiagokarik irabazi fase honetan, eta sufritu egin dugu". Halere, atsekabe gehiena kantxaren egoerak sorrarazten dio: "Gaur ere itoginez beteta zegoen kantxa. Partidua bertan behera utzi dugu ia, eta ez digute konponbiderik ematen. Kiroldegiaren egoera tamalgarria da".
Horrez gain, nabarmendu du Summaren pibotak lanak eman dizkiola Ostadarri: "Ezin izan dugu euren pibota gelditu eta min asko egin digu: Summa Aldapetaren 49 puntuetatik 29 saskiratu ditu berak".