Hendaiara irteera prestatu du Ipar Martxa taldeak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 23a

Ostadar SKTren Ipar Martxa sailak irteera antolatu du Hendaiara. Larunbatean goizeko 08:30ean jarri dute hitzordua Euskotren geltokian.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, trena hartu eta gero, Ficobatik abiatuko dira Hendaiarantz. Irteerara joan nahi dutenek hamaiketakoa eraman beharko dutela ere aipatu dute.

Datozen hitzorduak

Otsailak 9an Oiartzunera egingo dute irteera; Arditurri- Ergoien. Goizeko 08:30etan elkartuko dira Euskotreneko geltokian eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, bazkaria eraman beharko da, etxetik. 

Martxoaren 25ean Getxo eta Sopela elkartzen dituen bidegorriko ibilbidea egingo du taldeak. Bertara joateko, autobusa antolatu dute. Berrogeita hamar lagunentzako lekua izango da autobusean eta aurrez eman beharko da izena, martxoaren 17a baino lehen. Horretarako 677345249 telefono zenbakia jarri dute interesatuek bertara deitu eta erreserba egiteko. Prezioari dagokionean, 10 euroko kostua izango du bezero diren kideentzat, eta 12 eurokoa berriz bezero ez direnentzat. Egun osoko irteera izango da eta bazkaria ere bertan hartzeko aukera izango dute parte hartzaileek 10 euroren truke.

Apirilak 22an berriz, Bidasoa San Miguel ibilbidea egitera joango dira Ipar Martxako kideak. 3 orduko joan etorria izango da eta goizeko 08:20etan jarriko dute hitzordua Euskotren geltokian.

Maiatzaren 27an izango da aurreikusitako azken irteera. Honetan, Lasarteko mugetara egingo da irteera, eta bertara joateko, goizeko 10:00etan elkartuko dira herriko Okendo Plazan.

Ikastaroa

Otsailean, Ipar Martxaren inguruko ikusentzunezko bat ikusteko aukera izango da, eta horrekin batera, elkarrizketa bat ere izango da osasunaren inguruan. Martxorako aldiz, ikastaro bat antolatu dute.