Lasarte-Oriako bertsolariak herriarteko Bertsolari Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 26a

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarik ez da izango aurtengoan,baina hori ez da aitzakia izango Gipuzkoako herrietako bertsolariak elkartu eta lehian aritzeko.

Txapelketan, multzoka arituko dira herriak, eta Lasarte-Oriako bertso eskolari, Aiakoa eta Urretxu-Zumarragakoa egokitu zaizkio lehiakide. Earra Bertso Eskolako kideek, otsailaren 3an izango dute lehen saioa, eta  Aiako bertsolariekin bertso-afaria egingo dute Arrieskalleta Elkartean, iluntzeko 20:30ean. 

Patxi Etxeberria, Ane Labaka, Unai Muñoa, Axier Azpiroz eta Zigor Iriondo arituko dira oholtzarik bertsotan, eta JoxeKrutz Labakarekin batera, Imanol Lizardi arituko da epaile lanetan. Uxue Loinaz izango da gai-jartzailea, eta Lierni Rekondo arduradun gisa.

Lehen saio horretarako sarrerak salgai daude jada, Ilargi eta Jalgi tabernatan. Interesa duenak, asteazkena bitarte erosi ahal izango ditu, 15 euroren truke.

Multzoko hurrengo saioak

Otsailak 17an, Urretxu-Zumarraga eta Lasarte-Oriako bertsolariak lehiatuko dira, Urretxuko Gaztetxean.

Otsailak 24an, Aia eta Urretxu-Zumarragako bertsolariak lehiatuko dira, Aian.