Herritarren partaidetza 2017ko aurrekontuetan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 11

Herritarrek 500.000 euroko inbertsioa non egin aukeratu ahal izango dute. Horretarako, udalak 4 proiektu aurkezten ditu eta hauetako bati eman ahal izango zaio botoa, edota norbere interesekoa den beste bat proposatu.

Jesus Zaballos alkateak aurkeztu du, Lourdes Acevedo parte-hartze zinegotziarekin batera, udalak martxan jarri duen parte hartze prozesu berria “lehenengo aldiz gurean, herritarrek eskumena izango dute aukeratzeko 2017ko aurrekontuetako 500.000 euro zertara bideratu”.

Zaballosek azpimarratu du ekimen honekin, “gobernu taldeak hartutako beste konpromiso bat betetzen da, udalbatzarrean duela gutxi onartutakoa”.

Horrela izanda, aurten 500.000 euroko kontu-sail bat aurreikusiko da Karmengo kaperaren zaharberritzea gauzatzeko, herriko bidegorri sarea Euskotrenen eta Plazaolako  trenbidearen artean lotzeko, Uistin kaleko berurbanizaziorako edota espazio publiko batean estalpea jartzeko. Aukera hauen artean egin beharko dute herritarrek hautua edota norberak garrantzitsutzat jotzen duen proposamena egin.

Dagoeneko udalerriko postontzi guztietan banatu da eskuorria “kopia bakarra banatu da baina etxeko denek bozka eman ahal izateko, formularioa udalaren webguneko Kontsultak ataletik eskuratu daiteke”.

Jarraitu beharreko pausuei dagokionez, “1etik 5era puntuatu behar da proposamen bakoitza, 5a garrantzi gehien duenari eta 1a gutxien duenari. Honekin batera doan orria bete ondoren, udalaren eraikinetan parte hartzea sustatzeko jarrita dauden postontzietan utzi ahal izango da otsailaren 8a baino lehen (udaletxe zaharrean, kiroldegian, Manuel Lekuonan eta osasun-zentroan)”.

Herritarren boto-kopuru gehien jasotzen duen proposamena sartuko da udalaren 2017ko aurrekontuetan eta gauzatu egingo da.

Parte-hartzaile guztiak adin nagusikoak eta herriko bizilagunak direla egiaztatu ahal izateko, izen-deiturak eta NAN zenbakia ere jarri beharko dira parte hartze orrian.

Udal ordezkariek azaldu dutenez, “lau proposamen hauek herritarren eskaerak edota plenoan jasotakoak izan dira, esaterako, kapera udalaren jabetzakoa da eta Oriako bizilagun elkarteak aspaldi dabil honen konponketa eske”. Bestalde, herrian plaza edo parke bat estaltzearen inguruan, “‘Euritan ere jolasean’ prozesua abiatu zen 2016an eta parte hartzea oso txikia izan zen. Bertaratutako gutxi horien iritziz ez zen herrian mota horretako estalperik behar. Hala ere, udalak ulertu du badela beharrezkoa eta prozesua gauzatutako enpresari eskatu zitzaion proiektu bat egitea 2016ko aurrekontuetan zegoen 140.000 euroko partida ez galtzeko. Horrela izanda, eurek proposatutakoa egingo da Atsobakarren. Hala ere, haur parkeak estaltzearen gaia kalean dagoela uste dugu horregatik sartu dugu proposamen hau, herritarrek hori bai, zehaztu beharko dute non nahi duten”.

Zaballosek adierazi nahi izan du agerraldian ez dituela oposizioko alderdien kritikak ulertzen “parte hartzeari garrantzia ez diogula ematen esaten zaigu baina guk sail ezberdinetan hainbat dira martxan ditugun mota honetako prozesuak”.