Trinkok urteko lehen bizikleta irteera egingo du igandean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urtarrilaren 11

Bizikleta irteera pare bat antolatu ditu Trinko triatloi taldeak urtarrilean zehar. Igande honetakoa izango da lehenengoa; Okendo plazatik abiatuko dira, 09:00etan. Taldekideek herritarrak gonbidatzen dituzte eurekin batera irtetera.

Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldeak bizikleta irteera prestatu du igande honetarako. Herritarrak gonbidatzen ditu horretan parte hartzera; hitzordua Okendo plazan izango da, 09:00etan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 60-70 kilometro inguruko ibilbidea burutuko dute.

Hilabetea bukatu baino lehen beste irteera bat egingo dute. Urtarrileko azken larunbatean izango da, hilak 28. Irteera-tokia eta ordua igande honetako berberak izango dira, baita ibilbidearen kilometro kopurua ere.

Igande honetan eguraldiak lagunduko ez balu eta antolatzaileek erabakiko balute azkenean irteera ez egitea, euren sare sozialetan iragarriko dute. Hori dela eta, herritarrei ohartarazi nahi diete adi egoteko.