Sozioekonomia batzordeko buru Beatriz Juezek bere zinegotzi postua utzi egin zuen astearteko Udalbatzarrean. Aurrerantzean, Gipuzkoako Foru Aldundian egingo du lan.
Aitortu zuenez "ez da erabaki erraza izan, Udaleko lanari zion pasioa dela-eta". Aldi berean, azaldu zuen "askatasunaren, justiziaren eta elkartasunaren" alde aritzeko aukera izango duela.
Gobernukideak, herritarrak eta herriko zenbait eragile eskertu zituen; baita batzarrera gerturatutako familikide eta lagunak.
Presoen egoera eztabaidagai
Sarek aurkeztutako mozioak ireki zuen Udalbatzarra. Estatuko gobernuari eskatzen zion Europatik datozen aginduak bete eta bere "egoera larriarengatik kanpoan behar luketen zazpi presoak aska ditzala". PSE-EEren eta PPren ezezkoarekin, mozioa ez zen aurrera atera. EH Bilduk eta EAJk baiezkoa eman zioten eta Lasarte-Oriak Ahal Du abstenitu egin zen.
Haren ordez, PSE-EEk aurkeztutako osotasuneko emendakina onartu zuten. Defendatu zuten presoen gerturatzea "prozesu birgizarteratzailearen barnean" ulertu behar dela, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpenak "ahalik eta lasterren errespetatzea".
EH Bilduren eta EAJren ustez "ez litzateke kanpo eragile batek aurkeztutako mozioa osotasunan aldatu behar haiekin kontsultatu gabe". Hala ere, lehenek "adostasunerako bidea ireki" dezakeela aipatu zuten, nahiz eta erantzun irmoagoa eskatu. Lasarte-Oriak Ahal Du-k, berriz, presoen eskubideen inguruko gai guztiak batera jorratzeko eskatu zuen.
Sostengu mozioa
Poliomilitis gaitzak jota, gaur egun ondorio berantiarrak agertzen dituzten lagunentzat babesa adierazi zuten Udal taldeek aho batez.
Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote post-polio sindromea EERR katalogoan sar dezan, eta Espainiako Gobernuari ezgaitasunaren eragile bezala aintzat har dezala.
Halaber, Diru laguntzak emateko ordenantza arautzailearen hasierako onespena aurrera atera zuten. 2015 urteko ekitaldiari dagokion Aurrekontuaren Kontu Orokorra ere onartua izan zen aho batez.
Premiaz, EH Bilduk Mikel Zuluaga eta Begoña Huarte ekintzaileei elkartasuna eta babesa adierazteko mozioa aurkeztu zuen. Ahal Duguren eta EAJren babesaz onartu zuten.
Parte-hartzeari buruzko galderak
Lasarte-Oriak Ahal Dugu-ko Arkaitz Nayak eta EH Bilduko Leire Elizegik Udalak hasitako parte-hartze prozesuari galdetu zuten. LOAD-ko bozeramailearen ustez "proposamen gehienak PSE-EEk bere programan bildutakoak dira" eta eredua ez da aproposena Udalari proposamen berriak egiteko. Elizegik, bestalde, nabarmendu zuen prozesu honetarako bideratutako "500.000 euroko aurrekontua erreserbatu gabe" zegoela.
Aurkeztutako proposamenak "herritarrek eskatutakoak" erantzun zien alkate Jesus Zaballosek eta azpimarratu zuen berriak egin nahi izanez gero "lasarteoriatarrek bozkatuko zituztela". Azaldu zuen "parte-hartzera bideratutako aurrekonturik" ez zegoela, baina Udalbatzarrak "konpromisoa" hartu zuela"diru kopuru hori erreserbatzeko".