Maite Rueda LOKEko lehendakari berria

unai-munoa 2017ko urtarrilaren 13a

Urte askoan gimnasia erritmikoko entrenatzaile eta koordinatzaile izan da Maite Rueda. Amaia Andresek eman dio lekukoa, pasa den urteko irailean Gipuzkoako Atletismo Federakuntzaren lehendakaritza hartu ostean.

Lasarte-Oriako Kirol Elkartean  gidaritza aldaketa egon da azken hilabeteetan. Amaia Andresek Gipuzkoako Atletismo Federakuntzako lehendakari izendatu zuten irailean, eta LOKEren lekukoa Maite Ruedari pasa zion.

Lau atal ditu klubak: judoa, tenisa, atletismoa eta gimnasia erritmikoa. Azken honetako koordinatzaile eta entrenatzailea izan da urtetan Rueda. 

Jardun ezaguna 

Klubeko lehendakaritzan hiru hilabete daramatza, baina bere egunerokotasuna ez zaio “batere arrotza” egiten. 
Beste lan batzuetaz ere arduratu izan da; LOKEko idazkari eta diruzain izateaz, besteak beste. “25 urte baino gehiago eman ditut klubean, 1995ean Michelin utzi eta LOKE sortu genuenetik”. Hortaz, sortuko zaizkien arazo eta zalantzak dagoeneko ezagunak ditu.
Azaldu duenez, klubaren helburu nagusia kirola sustatzea da, emakumezkoena batez ere. “Nerabezarotik aurrera kirolean aritzen diren neska eta mutil kopuruaren artean desoreka handitzen doa”. Hor kokatu dute datozen urtetarako erronka. Entrenamenduak ikasketekin uztartzearen “zailtasuna ulertzen” du, baina “bien arteko oreka aurkitzen laguntzeko ardura” dutela nabarmendu du.
Hala ere, “atal bakoitza berean ahalik eta lorpen gorenenak erdiesten saiatuko da”. LOKEko sekzioek autonomia handia dute lanean aritzeko moduari dagokionez. Ruedaren zeregina “hilabetean behineko bilerak koordinatzea” da. Dirulaguntzak kudeatu eta sekzio bakoitzari sortzen zaizkion beharretaz arduratu beharko da; baita “hamaika paper sinatzeaz”.
Zuzendaritza aldaketa eman ondoren, Xabier Gonzalez izango da hemendik aurrera diruzaina eta Gorka Aristegi idazkaria. Hala ere, LOKE-n urte mordoa igaro dituzten Jesus Diaz eta Manuel Morales "beti laguntza emateko prest" daudela azaldu du Maite Ruedak, "nahiz eta erretiroa hartu duten.
 

Kirola herrian

Herriko beste klubekin “erlazio berezirik ” ez dutela adierazi du Ruedak: “Bileretan egoten gara, baina hortik aurrera ez dugu bestelako harremanik”.
Lasarte-Oriako kirol instalazioei buruz beste eragile batzuen antzeko iritzia azaleratu du. “Talde gehienek leku berean eta ordu beretan entrenatu edota lehiatu nahi izaten dute”.
Berak zuzenean bizi duen kirolaren kasuan, gimnasia erritmikoan, “txikienekin eskolatik ateratzerakoan entrenatu nahi izaten dugu, beste taldeek bezalaxe”. Alde horretatik, ulertzen du gaur egungo egoeran tarteak banatu behar izatea.
 

Gimnastikan %100ean

LOKEko gidaritza hartu zuenetik mahai gainean funtzio berriak ditu, baina ez du gimnasia erritmikoa alde batera utziko. Bere betiko kirolarekin “100%ean” jarraitzeko asmoa duela nabarmendu du koordinatzaile eta entrenatzaileak. Urteko lehenengo lehiaketak laster hasiko dituzte: “otsailean seniorrek lehenengo frogak dauzkate, eta hortik aurrera nekez geratuko gara”.
Aurten 60 gimnasta baino gehiago entrenatuko ditu. Horietatik 30 lehiatuko dira, zaharrenak. “Helburua Gipuzkoa mailako txapelketetara sailkatzea da. Ez da erraza, txartelak mugatuak baitira”. Azken urtetan lortutako emaitzekin “oso pozik” dago Rueda. “Egia esan, entrenatzeko duten denborarekin egiten dutena kontuan hartuta, sekulako meritua du erdietsi dutena”.
Gaztetxoen kategoriatan izena askok ematen dutela azaldu du. Aurrerago horietako batzuek uzteak, ez du kezkatzen; “gure kirola ederra eta gogorra da, eta denbora dela edo beste kirolak direla medio, badakit denek ez dutela jarraituko”.
Gimnastika bera ezagutzeko txikientzako gabonetako kanpusa antolatu zuten. “Ez zen nahi bezala atera, ez baitziren ume asko gerturatu”. Hala ere, datozen urtetan jarraitzeko asmoa dute.