Segurako Txori-Tegi taldeak altxa zuen Gipuzkoako Kluben Kopa atzo, Lasarte-Oriako bolatokian. 536 puntu pilatu zituen Joakin Izagirre, Jokin Izagirre, Martzelino Agirre, Anotnio Agirre, Jon Agirre eta Xepeino Agirrek osatutako seikoteak. Hernaniko Elur Txori taldean urte luzez bola-jokalari gisa aritutako Joxe Zapirainek eman zien garaikurra.
Donostiako Ategorrieta izan zen bigarren sailkatua, 520 puntu poltsikoratuta. Hirugarren onena, berriz, Zarauzko Zelaiondo, 499 punturekin. Laugarren postua Urnietarentzat izan zen; 492 puntu erdietsi zituzten.
Lasarte-Oriak proba jokatzeko bolatokia eskaini bakarrik ez, txapelketan bertan ere izan zuen ordezkaritza. Sei bola-jokalari aritu ziren Ostadarren izenean: Joxean Lasa, Josu Lasa, Javier Lasa, Axier Lasa, Inaxio Otaegi eta Joxan Montes, hain justu. 348 puntu lortu zituzten guztira herritarrek; 11. izan ziren sailkapenean.
Igandeko proban hamabost talde aritu ziren lehian, eta 99 bola-jokalari. Aurtengo berrikuntza nagusia izan da aurrenekoz emakumeek soilik osatutako talde batek hartu duela parte; 'Hobanak' du izena. 292 puntu lortu zituen. Naiara Peñagarikano, Belen Abenaibar, Aitziber Makazaga, Garbiñe Alustiza, Pake Galaos eta Maria Alkorta aritu ziren. Bestalde, Behar Zana 'B' taldean ere jokalari gehienak emakumeak izan ziren. Seitik, bost: Beatriz Unzue, Alazne Mendizabal, Jexuxa Maiza, Aitziber Ugalde eta Josune Uzkudun. Joxemari Etxebestek osatu zuen seikote hori; 322 puntu lortu zituen igandeko txapelketan.
Datozen hitzorduak
Bikotekako txapelketa igande honetan hasiko da, Aian. Horrez gain, beste hiru jardunaldi jokatuko dira: hilaren 29an Hernanin, otsailaren 12an Legazpin eta 19an Alzan.
Lehiaketa hori bukatu ostean hasiko da Lehendakari txapelketa, Gabirin, otsailaren 26an. Martxoa hastearekin batera Zarautzen jokatuko da bigarren jardunaldia, 5ean. Hirugarrena, berriz, Seguran izango da, 12an; azkenaurreko jardunaldia herritik gertu jokatuko da, Urnietan hain zuzen, 19an. Olaberrian itxiko dute aipatu txapelketa hori, 26an.
Apirila eta maiatzan zehar ez da geratuko bola-jokoa, ezta gutxiagorik ere, Gipuzkoako Kopa jokatuko baita. Usurbilen hasiko da, apirilaren 2an, eta Ategorrietan bukatu, hilabete beranduago, maiatzaren 7an.