Ramon Agirre: "Lasarte-Oriako kultur dinamika izugarria da, eredugarria"

Adrian Garcia 2017ko ira. 8a, 13:00
'Putinen Guardasola' antzezlanean arituko da Agirre, igandean. Umorearen eta musikaren bitartez, "ordubetez ongi pasatzeko" eskaintza luzatu du aktoreak

Nazioarteko zinemaldi ospetsuenetan saritutako filmetan parte hartutakoa da Ramon Agirre (Donostia, 1954). Baina ez dio sekula uko egin herrietako antzezleku txikiek sortzen duten giroari. Lanpetuta eta hamaika proiektu esku artean izan arren, Lasarte-Orian izango da igandean, "ongi pasatzeko". Putinen Guardasola obra antzeztuko du, Inazio Tolosarekin batera, Abend garagardotegian, 19:00etan. Xumela abesbatzak antolatu du ekitaldia, ikasturtea "indarrez hasteko". Hilaren 18an hasiko ditu saioak abesbatzak. Obrarako sarrerak Jalgin eta Abend tabernetan daude salgai, hamar eurotan (bost eurotan eskuratu ahalko dituzte langabeek). 

 

 

Zerekin egingo du topo igandean Putinen Guardasola antzezlana ikustera joango denak?

Ordubetez ongi pasatuko du. Geroz eta jende gehiago etorri, are eta giro politagoa sortuko dugu. 

Xentimorik gabe eta Kokakola eta barea obrak egin dituzue aurretik. Igandekoan ere, musika eta umorea uztartuko al dituzue?

Bai. Pertsonaiak mantetzentzen dira, izen eta guzti, baina istorioa aldatzen da. Munduan zehar bidaiatzen dugu, ereserki bat nola sortzen den ikasteko, zer osagai izan behar dituen jakiteko. Aitzakia da Euskal Herriko ereserkia sortu nahi dugula. 

Horren zaila al da Euskal Herriko ereserkia sortzea? 

Izango da, zeren ez daukagu denon gustuko ereserkirik. Baina lasai, hemendik aurrera izango dugu. Gureak kontsensu handia izan du, eta lehendakaria ere nahiko pozik atera da. Hizkia zerbait aldatuko zukeen agian, baina gustura dago. 

Non topatu duzue inspirazio iturria ereserkia sortzeko?

Leku askotatik. Ibili gara musikaren eta ereserkien funtsa bilatzen, bost kontinenteak zeharkatu ditugu, Chavela Vargasen bila joan ginen ere... Xaman batekin ere egon ginen, nahiz eta ez genion asko ulertu. Azkenean, lortu dugu ereserkia.  

Abend garagardotegian antzeztuko duzue. Antzoki handiekin alderatuta, giro bereziagoa sortzen al da tabernetan?

Gure ikuskizunarentzat askoz hobea da taberna. Txikia izateak esan nahi du jende gutxiago kabitzen dela. Baina estutasun horrek ematen dio zerbait berezia. Gure ikuskizuna aurrez aurrekoa eta gertukoa da. Arazo tekniko batzuk izan ditzake tabernak, baina berotasun aldetik izugarria da. Gainera, jendeak tragoa du eskuan. Gurea kafe antzokia generoa da, horrela deitzen zaio. 

Zineman eta telebistan bide luzea egin duzu, baina euskarazko herri antzerkigintza ez duzu inoiz alboratu. 

Plazer hutsez egiten dut. Gertatu izan zait, pelikula ustez handi bat filmatu, eta, hurrengo egunean, Errezilera joan behar izatea, antzerki batera. Baina, zer da handia eta zer txikia? Plazer aldetik, horrelako antzezlanekin asko gozatzen dut. Euskal Herria ezagutzeko balio izan dit. Gainera, gero eta herri txikiagoa, eta antolatzailea gero eta xumeagoa, orduan eta hobeto tratatzen zaituzte. Horrek asko balio du.

 

 

Goazen saioan ere parte hartu duzu, eta Lasarte-Oriako txokoetako umeekin egon zara. 

Hemengo kultur dinamika eredugarria da. Izugarria da hemen egiten ari zaretena, eta deitzen didaten guztietan segituan etortzen naiz. 

Michel Hanekeren Amour pelikulan hartu zenuen parte; Cannesen eta Oscarretan saritua izan zen. Jauzi handia izango da antzezleku txikiekin alderatuta, ezta? 

Gure ofizioaren beste alderdi bat da. Edonori gerta dakioke, bat-batean bere idoloaren aldamenean egotea. Gure lanak batzuetan ez du diru asko ematen, baina izaten dira bidaiatzeko aukerak.  

Laster hasiko da Donostiako Zinemaldia. Aurkeztuko diren hiru filmetan parte hartu duzu. Sail ofizialeko Handia da horietako bat.  

Altzoko erraldoiaren aitaren rola egiten dut nik. Ilusio handia dut, denontzako euskarazko pelikula on bat izateko. Hemengo istorio bat da, euskaraz. Ea interesa pizten duen munduan. 

Operación Concha ere emango dute Belodromoan. 

Komedia bat da, zinemaldiaren egunetan gertatzen den iruzur handi bati buruz. 

Zein da hirugarrena? 

Film labur bat da: For the good times, gazteleraz. Andres Sainz donostiarraren film laburra da, oso istorio polita. 

Euskal zinemagintza urte luzez itzalpean egon da. Azken urteetan, ordea, ari dira euskarazko filmak ekoizten. Nola ikusten duzu egoera? 

Urte on bat izan daiteke aurtengoa. Loraldiaz hitz egin izan da azken urteotan, baina hori esateko pelikula mordoxka bat behar da. Baina joera ona da, gorunzkoa. Aurten zazpi euskarazko film daude Zinemaldian; nik dakidala, ez da sekula horrenbeste egon. Eta Zinemalditik kanpo ere, ekoizpena goraka doa.  

Aupa Etxebeste izan zen berpizkunde horren hasiera. Zer esan nahi du pelikula horrek zuretzako? 

Mugarri bat da niretzat. Ikusle gehien izan dituen pelikula da oraindik. Arrakasta izan du jendearen artean. Nork ez du Aupa Etxebeste ikusi? Egia da aurreko urteetan nahiko motel zegoela euskarazko produkzioa; bagoi batek beti bultzatzen du, eta gero sortu dira beste batzuk. Beste bultzaldi bat ari da gertatzen orain. 

Jarraipena izango du filmak, ezta? 

Agur Etxebeste udaberrian hasteko asmoa dago.