Jesus Zaballos alkateak, Gazteria saileko arduradun Txus Alonsok eta Maite Iglesias Kultura arloko zinegotziak Manuel Lekuona kultura-etxea eta Gaztelekuko ikastaroak aurkeztu dituzte.
Agerraldian aipatu legez, ikastaroak herritarren gustuko izatea espero du alkateak, baita parte-hartze kopurua handia izatea ere. "Irailean gimnasioan izena ematen den bezala, Manuel Lekuonan eta Gaztelekuan ere izena ematea gustatuko litzaiguke," aipatu du.
Ikasturte osoko saioak eta berrikuntzak
Txus Alonso eta Maite Iglesiasek ikastaroen nondik norakoak azaldu dituzte, hala nola, ikasturte osoko ikastaroak aurreko urteetan arrakasta izan dutenak izan direla azpimarratu dute. Era honetara, 2017-2018 ikasturtean zehar, gitarra, breakdance eta shuffle eta eskola laguntza saioak izango dira Gaztelekuan, azken hau doakoa delarik; Manuel Lekuonan, berriz, olio-pintura, gorputz-jarrera hezkuntza, joskintza eta sabel-dantza.
Udazkeneko ikastaroei dagokionez, berrikuntzak dira nagusi. Genealogia, sukaldaritza osasuntsua, "modan dagoen" mindfulness eta akuarela eskolak eskainiko dira Manuel Lekuonan eta Gaztelekuan ukelele eta jazz dantza.
Gaztelekuko ikastaroak 12 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutakoak dira eta saioak euskaraz eskainiko dira. Manuel Lekuonako saioen kasuan, helduak izango dira ikasleak eta hizkuntza ikasleen euskararen ezagutzan oinarritutako metodologia baten arabera zehaztuko da.
Ikastaro guztietan izen emateko epea irailaren 18an ireki eta irailaren 29an amaituko da. Inskripzioa egin edo informazio gehiago eskuratu nahiez gero, Manuel Lekuona kultura-etxera edo Gaztelekura hurbildu behar da.