Eskola-materialerako laguntzak eskuragarri

Txintxarri Aldizkaria 2017ko irailaren 5a

Lasarte-Oriako Udalak familiei eskolan erabiltzeko materiala erosteko laguntza eskaera epea ireki du.

"Familiei eskolako materiala erosteko laguntza eta Lasarte-Oriako merkataritzaren aldeko babesa" programaren baitan dauden laguntzek bi helburu dituzte, batetik krisi garai honetan, 40.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiei laguntzea eta, bestetik, Lasarte-Oriako herriko dendetan erosketak sustatzea.

Lehen eta bigarren hezkuntzako derrigorrezko etapetan eskolatutako adingabeak dituzten familiei zuzendutako laguntzak dira eta eskola-materialen erosketako zenbateko bat, 25 eurotik 75 eurora, berreskuratu ahalko dute haien diru-sarreren arabera.

Eskolako jarduerarako behar diren arropak, idazketa materiala, optometriako materiala, kirolerako materiala edo jarduera artistikoetako materiala izan daiteke laguntzaren oinarri, beti ere, Lasarte-Oriako dendetan erosia bada.

Laguntza jaso ahal izateko, eskaerari herriko dendak emandako tiketen edo faktura sinplifikatuen jatorrizkoak erantsi beharko zaizkio. Tramitazioa on-line egiten bada, egiaztagiri horiek eskaneatuta eta elektronikoki behar bezala sinatuta erantsi beharko dira.

Eskaerak urriaren 2a bitartean egin ahalko dira, Manuel Lekuona kultur etxean, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00era bitartean edo www.lasarte-oria.eus webgunean.