Gustuko dut garaian garaiko kontuetaz idaztea txoko honi dagokion iritzi artikuluan. Gure Esku Dagoren galdeketaz galdeketaren bezperan, gabonei lotutako zerbait eguberrien bueltan, futbolari buruz derbiaren itzalean. Horregatik, turistari keinu txiki bat uztail betean.TSST autobus konpainiaren kotxerak, hain zuzen ere. 

Arreta kendu dit berriki irakurtzeak Bartzelonako herritarren lehen kezka iturri ez dela korrupzioa edo autodeterminazio galdeketa, ezta egoera ekonomikoa ere, turismoa baizik. Gehiegizko turismoa. Diru sarrera handia izanagatik, kezka bihurtu da Bartzelonako hirian. Hori irakurri eta lan kontuengatik hara joatea egokitu zait berriki eta…bertatik bertara ulertzen dira gauzak. Ez nau harritzen bertakoen egonezinak. Kale bazter guztiak atzerritarrez josita daude. Katalana baino gehiago entzuten den hizkuntza ez da gaztelera; ingelesera, frentsesera, errusiera eta beste batzuk baizik.

Horrek hiriaren arima ikuitzen du, edozein herri edo hiri zapaltzerakoan hango, bertako, lekuko jende, ohitura, hizkera eta idiosinkrasia bizi nahi izaten dituzu bixitari zarenean. Bartzelonako kasuan, bertakotasuna izkutatzen ari da gainezkako turismoarekin, eta hori bada kezkarako iturri. Eta, beste neurri batean bada ere, ez al da Donostian gauza bera gertatzen ari? Ni neu, geroz eta deserosoago ari naiz sentitzen Boulebarrean, alde zaharrean eta, orohar, hiri osoan. Garai bateko Donostia ari naiz faltan botatzen eta daraman bideak geroz eta atzerago utziko du gogoan dugun hura. Berandu ote dagoeneko? Nola kudeatu errealitate hori? Ez dut arrastorik ere.

Bien bitartean, hemen, Lasarten, ez dugu arazo hori. Behin ikusi nuen turista bat, motxila bizkarrean, gure kaleetan eta berehala esan nion neure buruari: turista bat gurean? Hau galduta zebilek! Jarrai dezatela etortzen gutxi batzuk, galdutako aleak.