Segurtasun eza, errepidean kirola egiteko oztopo

martin-vicioso 2017ko uzt. 21a, 11:33
Zeresana eman dute azken hilabeteetan ziklistek errepidean edukitako istripuek. Auto gidari batzuen arduragabekeriak eta errepide batzuen segurtasun ezak eztabaida piztu dute: zigorrak gogortzea ota da talka kopurua jaisteko beharrezko neurri bakarra?

Egunero, ibilgailu mota asko higitzen da gure errepideetatik. Neurri batean, arriskua denek duten arren, ukaezina da, istripuetan, ondorio larrienak arinenek pairatzen dituztela. Entzutetsua izan zen martxoaren 16an Ane Santesteban txirrindulari errenteriarrak edukitako istripua. Entrenatzera atera, eta hurrengo oroitzapena ospitalean du Ale Cipollini taldeko txirrindulariak. Auto batek kolpatu eta ihesari eman zion gidariak.
Berriz ere errepidean da Santesteban, baina denek ez dute patu bera izaten. Hego Euskal Herrian, azken urteetan, txirrindulari bat edo gehiago hil dira urtero. Ziklista federatuen kopuruak gora egin du eta, beraz, errepideetan aritzen diren txirrinda kopurua duela hamar urte baino handiagoa da. Dena den, hildakoak eragiten dituzten istripuen kopurua behera joan da Euskal Autonomia Erkidegoan 2012tik hona. Urte hartan lau lagunek galdu zuten bizia bizikleta gainean zeudela. 2013an beste hainbeste izan ziren, eta zenbakiak pixkanaka behera egin du ordutik. 2015ean bi hil ziren, eta 2014an eta 2016ean, bana.
Kontzientziaziorako gakoa 
Kotxearen eta bizikletaren arteko edozein istripuk ondorio larriak ekar diezazkioke txirrindulariari. 23 urtez azpiko Grupo Eulen Jira-Bira taldean lehiatzen den Iñigo Altuna herritarrak azaldu duenez, "kontuan hartu beharreko gakoa" da hori. Alde batetik, "autoek errespetu handiagoarekin" joka dezaten, eta bestetik, txirrindulariek beraiek kontziente izan daitezen "errepideak berak duen arriskuaz". Ziklista gazteak azaldu duenaren arabera, "arduragabetasunez jokatuz gero, kaltetuenak" gu gara. 
Beste galdera bat sortu du arazo horrek: nahikoa da gidari eta txirrindulariek arduraz jokatzea ,edo gehiago babestuko dituen legediaren beharrean daude?
Seguru aski, biak izango dira, neurri batean, beharrezkoak. Altunak adierazi du: "Legeak teorian babesten gaitu, baina arauak ez badira betetzen, alferrik da".
Arauen ezagutza
Gauza jakina da autoa errepidean gidatu ahal izateko zenbait arau barneratu behar direla, horien artean txirrindulariekin izan beharreko jarrera arautzen dituztenak.
Besteak beste, ziklista aurreratu ahal izateko bataren eta bestearen arteko metro eta erdiko tartea errespetatu behar izatea, biribilguneetan tropel osoari bidea uztea eta, segurtasuna bermatu aldera, bi txirrindularik paraleloan aritzeko eskubidea izatea.
"Gidari askok ez dituzte arau hauek ezagutzen eta ernegatu egiten dira. Honen ondorioz, edo presa dela eta, mugimendu arriskutsuak egiten dituzte", dio txirrindulari gazteak.
Errepidea autoena soilik ez dela barneratu behar dela uste dute txirrindulariek. Altunaren ustez, baldintza seguruetan gidatzeak "bost minutuko atzerapenarekin ailegatzeak" baino pisu handiagoa eduki beharko luke.
Hala ere, txirrindularien artean kontzientziazioa sustatu behar dela uste du gazteak. "Ahal denean autoei bere bidea egiten utzi behar diegu, beti ere baldintza seguruak baldin baditugu alde batera egiteko". Izan ere, "ez dugu ezer irabazten autoak oztopatuz".
Errepideak beteta
Zaila da zehaztea errepidean kirola egiteko ohitura duten ziklista edota korrikalari kopurua.
Duela urte batzuk baino fitxa federatibo gehiago daude, eta kirol froga herrikoi asko antolatzen da azkenaldian, bai zikloturistei zuzendutakoak baita duatloi eta triatloiak ere. Hala eta guztiz ere, federatutakoak errepideetan entrenatzen dutenen herena besterik ez lirateke izango.
Halaber, jende askok hartzen du kotxea eguneroko eginbeharretarako eta aisialdirako, eta ondorioz, errepideak beteta daude lanegun eta jaiegunetan. Altunak oso ondo ezagutzen du errealitate hori. 23 urtez azpikoen mailan lehiatzen da, eta egunero hartu behar izaten du bizikleta entrenatzeko.
"Ikasurtean zehar, arratsaldez entrenatu ohi dut, unibertsitatetik ateratzean. Udan, berriz, goizetan ateratzen saiatzen naiz". Ordutegiak ere bere eragina du  istripuak eragiteko orduan. Izan ere, gidariek ez dute jarrera bera erakusten eguneko momentu guztietan. Ordu gorietan entrenatzea arriskutsuagoa da. Batez ere, jendeak lanera joan aurretik edo ondoren autoa hartzen duenean. "Momentu horietan, presarengatik edo, azkarrago gidatzen du askok, eta bizikleta aurrean izatean urduriago jartzen diren joera nabari izan dut", dio Jira-Bira Grupo Eulen taldeko txirrindulariak.
Kotxea arduragabe hartzen duten horiek ere zeharo arriskutsuak dira bizikleta hartzen duten kirolarientzat. "Saiatzen gara, adibidez, festetan dauden herri edo guneak ekiditen. Batez ere, goizean entrenatzen dugunean", nabarmendu du Altunak. Alkohola edan edota drogak kontsumitu ostean autoa hartzen duenik badago, eta kontrolak ipini arren, zaila da jakitea noiz topa daitekeen egoera arriskutsu bat aurrez aurre.
Badaude, gainera, berezko arriskua daukaten errepideak. Horietan izaten dira istripu gehien, eta ez dira bizikletarekin aritzeko egokienak. Esaterako, Gipuzkoan talka gehien biltzen dituzten guneak Gaintxurizketako gaina, eta Getaria eta Zarautz arteko errepidea dira. “Nahiz eta badakigun gune arriskutsuagoak daudela, ezin ditugu beti ekidin”. Kasu horietan, beraz, komeni da gidariek kontu handiagoarekin ibiltzea. Azken batean, kontziente izan daitezela autoan ez doazen, eta hauskorragoak diren, erabiltzaile gehiago dituela errepide horrek.
Bide hobeak, posible
Neurriak har daitezke errepideak denontzako bide seguruagoak izan daitezen. Txirrindulari profesionalek ere beren iritzia eman izan ohi dute gai honen inguruan. Haimar Zubeldia usurbildarrak hala zioen sare sozialetan, maiatzean, AEBetan Californiako Tourrerako entrenatzen ari zela: "Txirrindularion ametsa, zergatik ez horrelako bidegorriak gurean?". Bere taldekide batzuekin batera ageri zen bideoan, bizikletentzako bide batean gora.
Euskal Herriko bizikletentzako bideen gabeziaz galdetuta, Iñigo Altunak garbi erantzun du: "Ez dira entrenatzeko baliogarriak". Abiadurari dagokionez, mugatuta daude eta ez daude kirol jarduera gogorrerako prestatuak. Hau da, errepideak arriskutsuak badira eta bidegorriek ez badute txirrindularientzako balio, beste alternatibaren bat bilatu beharko dute.
Andorran, altueran entrenatzen aritu da kirolari gaztea asteotan. Bertan, arau desberdinak bete behar dituzte motordun ibilgailuen gidariek, "zorrotzagoak". Esaterako, txirrindularia aurreratu ahal izateko metro eta erdiko distantziaren ordez, bi metrokoa uztera daude derrigortuak bertako gidariak. Hala ere, “antzeko arazoa” dagoela azpimarratu du gazteak. Izan ere, legedi gogorragoa izanagatik ere, “arduragabeak han ere badaude”. Ziklista profesional askok bere bizilekua Piriniotako herrialdean dutela kontuan hartuta, “serio hartu beharreko” gaia da.
Talde babesa
“Saio gogorrenak bakarka egiten ditugu, baina bestela, taldean entrenatzea gustatzen zaigu”, azaldu du Altunak. Tropeltxoak babesa eskaintzen dio txirrindulariari. Mugimendu landuagoa egin behar du autoak hura aurreratzeko, eta errepide arriskutsuetan edo norabide bikoitzeko bideetan beti ez da posible izaten. Ikusgarritasun handia behar da, segurtasunez, halako aurreratzea saiatzeko.
Binaka joatean, bata bestearen ondoan joatea baimenduta dute ziklistek. Gidari askok ez du araua ezagutzen, ezta kasu horietan marra jarraia zapal dezakeenik aurreratzeko. “Hala ere, ahal den heinean, bazterbidea zapaltzen saiatzen gara, zirkulazioa bideratzeko asmoz".
Inguruko bideak hobetzeko  uste du Altunak neurri egingarri bat bazter horiek hobetzea dela. Segurtasuna handituko luke, eta errepideak hobeak izango lirateke auto gidari eta txirrindularientzat.
Ikusgarritasuna da txirrindulariek, haien segurtasunerako, zaindu beharreko beste ezaugarri bat. Erabiltzen dituzten jantzien koloreak, bizikletako osagarriak… ikusteko errazak izan beharko lirateke. Islagailu homologatuak badira, hobe. Tamalez, osagarrien aukeraketa beti ez dago haien esku. Iñigo Altunak bezala, 23 urtez azpikoen mailan lehiatzen dutenek taldeko arropak jantzi behar dituzte entrenatzeko ere. “Egia da diseinatzaileak kolore argiak erabiltzen saiatzen direla. Guk osagarri islatzaileren bat gehitzen diogu bizikletari”.
Taldearen koloreak eta hura finantzatzen duen babeslearen arteko lotura zuzena da. Ziklisten talde gehienak atzetik duten enpresaren izenarekin eta irudi korporatiboarekin erlazionatzen dira. Horregatik, ikusgarritasuna ez da beti izaten maillotak diseinatzeko garaian faktore garrantzitsuena.
Moda hutsa baino gehiago
Esan bezala, azken hilabeetan, txirrindulari ospetsuek jasan dituzte errepideetako segurtasun ezaren ondorio larrienak. Michele Scarponi italiarra entrenatzen ari zela kotxe batek harrapatu eta bizia galdu zuen. Moto GPko txapeldun ohi Nicky Haydenek ere ezin izan zuen bizirik atera bizikletarekin edukitako istripuaren ondorioz.
Ane Santestebanen, eta egunotan Frantziako Tourra lehiatzen ari den Chris Froomen kasuan, auto gidariek ospa egin zuten. Halako gertakariek, beste batzuekin batera, alarma piztu dute gizartean. Arriskua dago, pil-pilean egon ondoren, denborarekin ahaztuko den arazo bihurtzeko, beste zenbait gairekin gertatu den moduan. Txirrindulari lasarteoriatarrak ez du uste hala izango denik: "Jendea jakitunago da gaur egun. Ia astero entzuten ditugu istripuen albisteak, eta arazoak duen larritasuna gero eta gehiagotan aipatzen da".
Hobetzeko puntuak identifikatuta, hurrengo urratsa ematea da askotan zailena. Espainiako Barne ministro Juan Ignacio Zoidok gaiaren inguruko iritzia eman zuen maiatzean. Polizia kontrol gehiagoren beharra, zigorrak gogortzea eta kontzientziazioa handitzea ziren bere gakoak. Gerora aplikatuko diren neurri horiek nahikoak ote diren beste eztabaida bat izango da. Baina, dudarik gabe, aurrerantzean arazoa ezingo da saihestu, eta txirrindularientzako segurua izango den testuingurua lantzera behartuta egongo dira erabakiak hartuko dituztenak.