TSST

maider-segurola 2017ko uzt. 14a, 12:42

Orain aste batzuk Gipuzkoako ondare industrialaren inguruan aritu ginen arkitekto batekin solasean. Elkarrizketa osatzeko gure lurraldeko dozena erdi bat eraikuntzaren erreferentziak ekartzekotan geratu zen ta hara ezustekoa, nabarmendutako eraikin horietako bat gure herrikoa bertakoa zela ohartu nintzenean! 

TSST autobus konpainiaren kotxerak, hain zuzen ere. 

Maiz paretik pasa arren, eraikinak izan zezakeen balioaz ohartu gabe nengoen. Are gehiago, ez dakit inoiz hartu ote ditudan bost minutu garai batean autobus berdeen lo-leku izan zen tokiari behar bezala erreparatzeko ere. 

Gure elkarrizketatuari ikasi nion nahikoa ezezaguna dela eraikina eta egun abandonatuta egon arren, bi bolumen oso nabarmen dituela oraindik ere: garai bateko bulegoen gunea bere beirate luzeekin eta atzeko aldean, hormigoizko egitura oso bereziarekin eraikitako espazio zabala. 

Ondare arkitektonikoaren arazorik handiena, halere, erabilera galtzen dutenean etortzen da. Errazagoa da askorentzat eraikina eraitsi eta zerbait berria sortzea, dagoen horri erabilera berri bat eman eta bide batez, gure altxor bati eustea baino. 

Tokiei ondo begiratzen jakiteko begirada heztea garrantzitsua da eta horretarako ezinbestekoa, jakintza. Uda partean asko kanpora joango garen honetan, seguru bateko eta besteko eraikinak bisitatuko ditugula gida turistikoetako gomendioiei men eginez. Hona proposamena: egin dezagun antzeko ariketa etxean bertan, hurbilen dugunari dagokion balioa eman diezaiogun.