Amaitu berri da ikasturtea, eta Sasoeta-Zumaburu eskolako haurrak, eskolatik kanpo egin dute ikasturte osoa. Sasoetako eraikinean eta euskaltegi zaharrean banatu zituzten Zumaburuko ikasleak, behin-behinean, baina bertan amaitu dute ikasturtea, Zumaburu eraikinera bueltatu ezinik.
Egoera horren aurrean, Lasarte-Oriako EH Bildu alderdia bere esku dauden baliabideak eta aukerak erabiltzen ari dela azaldu dute Pablo Barrio eta Kristina Bernal alderdikideek. "Ahalik eta denbora epe laburrenean arazoari irtenbide duin bat emateko lanean jarraituko dugu", azaldu dute.
Arazoari aurre hartzeko EH Bilduk ikasturtean emandako pausuak ekarri dituzte gogora, lehenik, prentsaurrekoan. Hasteko, Gazteizko Legebiltzarrean Rebeka Ubera legebiltzarkideak Sasoeta-Zumaburu ikastetxeari buruzko hainbat galdera helarazi zizkion Cristina Uriarte sailburuari. Horrekin batera, legebiltzarreko hezkuntza batzordeari, Sasoeta-Zumaburu ikastetxera bisita bat egiteko gonbita ere egin diotela jakinarazi zuten Barriok eta Bernalek. Horren helburua, "bertako ikasleek ikasturteari zein baldintzatan emango dioten ikustaraztea da". Bisita hori ahalik eta azkarren egiteko eskatu zitzaien arren, uda pasa ostean, iraila edo urrian, egingo dela azaldu dute Lasarte-Oriako EH Bilduko alderdikideek.
Guzti horrekin batera, ekaineko udalbatzarraren amaieran, Sasoeta-Zumaburu eskolako haurren gurasoek udal gobernu taldeari egindako eskaerari jarraiki, mozio bat aurkeztuko du EH Bilduk datorren astearteko udalbatzarrean: Gipuzkoako Hezkuntza lurralde ordezkari den Gema Gonzalez de Txabarriren dimisioa eskatuko dute horren bitartez. Horrela, udal gobernu talde osoari, mozioa elkarrekin aurkezteko deia luzatu die alderdiak.
Baina ez da izango EH Bildu alderdiak hilaren 11an aurkeztuko duen mozio bakarra. Aurrez aipatutakoarekin batera, etxez-etxeko laguntza zerbitzuaren ingurukoa izango da bigarrena. "Legezko eskumenei dagokienez, udal zerbitzua izan arren, ezin zaie udalei transferitu zerbitzua bermatzeak eskatzen duen finantzaketa doiketaren gainean adostasunik egon gabe", azaldu zuten alderdiko kideek. Horrela, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eboluzioarekin "kezkatuta" daudela jakinarazi dute, datuei erakusten baitute, zerbitzua gainbeheran doala, "poliki-poliki, baina etengabe".
Horregatik, ezinbesteko zerbitzua dela aldarrikatzen du alderdiak, eta konpromiso bikoitza eskatzen die; udalari zein Foru Aldundiari: lehenari, zerbitzua hobetzeko eta zabaltzeko neurriak aztertu eta ezartzeko konpromisoa har dezala (eta zerbitzuko langileei lan baldintza duinak bermatzea), eta aldundiari, aldiz, udalari baimentzen dien ordu kopuruan eta ordu horiei dagokien finantzaketan murrizketarik ez ezartzeko konpromisoa.