Sanpedroen ostean oraindik musikaz gozatzeko gogoz dagoena zorioneko dago. Asteburuan hasiko da Kultur Kale Zikloa, eta uztaila osoan kontzertuak egingo dituzte herriko hainbat auzotan. Lehen kontzertua larunbat honetan bertan eskainiko dute: herriko Everlevel taldeak joko du Tximistarreta parkean, 20:00etan.
Badira urte batzuk Kultur Kale Zikloa antolatzen hasiak direla. Helburu argia du ekimenak: kultura aire librean eskaini nahi dute, doan. Kultura "deszentralizatzeko" modua da, udalaren esanetan. "Auzo guztietara zabaldu nahi dugu kultura, Okendo plazaz gain beste lekuetara ere eramateko", adierazi du Jesus Zaballos alkateak ekimenaren aurkezpenean.
Xpressionk elkartearekin elkarlanean antolatu du zikloa udalak. Txus Alonso Jaien eta Kirolen zinegotziaren arabera, 4.000 euroko aurrekontua izango du aurten. Iraileko lehengo asteburura arte iraungo du zikloak.
Xpressionk elkarteko Jokin Telleriak azaldu duenez, kontzertu guztiak aire librean egingo dituzte. Eguraldi txarra eginez gero, aldez aurretik ohartaraziko dute data aldatzeko. Kontzertu guztiak 20:00etan izango dira. Taldeen artean "oreka bat" aurkitzen saiatu dira: "Musika estilo desberdinak, herriko taldeen presentzia, hemen jo ez duten taldeak, emakumeak, euskara...".
Uztailaren 15ean Wha Wha Buga Band taldeak joko du Okendo plazan. Hurrengo asteburuan, berriz, hilaren 22an, Zabaleta auzora eramango dituzte kontzertuak: Rockabily Riot eta Azkaiter Pelox taldeek joko dute. Uztailaren 29rako Latitud 43 taldea gonbidatu dute; Andapa kalean eskainiko dute ikuskizuna. Uztailaren 31n, San Inazio egunean, Basaundi bailarako festetan joko du Lee Junior taldeak. Irailaren 2an izango da azkeneko kontzertua: Ibai Marinek joko du Urbarte auzoan.