Maila handiko hogeita bost partaide izan ditu aurtengo VII. bakailao lehiaketak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uztailaren 1a

Itxura ederreko bakailao plater ugari prestatu dituzte Sorgin Jaiek antolatutako VII. bakailao lehiaketan. Guztira bost sari banatu dituzte antolatzaileek; Buruntzazpi elkarteko Angel Rubio eta Tomas Gonzalez izan dira garaileak.

Partaidez beteriko mahai luzean aritu dira aurtengo bakailao lehiaketako sukaldariak, udaletxeko arkupeetan. Sorgin Jaiek antolatuta, zazpigarrena izan da aurtengoa, eta inoizko parte hartzerik handiena izan da; guztira, hogeita bost sukaldari izan dira aurtengoan. 

Goizeko hamarrak eta erdietan prest ziren Okendon lehiakideak; orduan eman diote hasiera norgehiagokari. 

Ia hiru orduz kozinatzen aritu ostean, izendatutako epaimahaiaren esku jarri dituzte prestatutako platerak: Ainhoa Ormazabal (Basque CUlinary Center-eko irakaslea), Lordi Etxeondoa (Karlos Arguiñano sukaldaritza eskolako irakaslea), eta Jon Gonzalez eta Txemi Zulaika (Auzolaneko sukaldariak) aritu dira parte hartzaileek prestatutako platerak banan bana dastatzen eta puntuatzen.

Guztiak probatu ostean, sarituak izendatu dituzte. Lehenengo saria Buruntzazpi elkarteko Angel Rubio eta Tomas Gonzalezentzan izan da. Hauek, Martin Berasategi sukaldariaren jatetxean bazkaltzeko bi gonbidapen jasotzearekin batera, txapela ere jantzi dute. Bigarren saria, berriz, Josemi Arzallus eta Imanol Guerrarentzat izan da, eta Arkupe tabernan otordua egiteko txartelak eskuratu dituzte. Hirugarren postua, azkenik, Natalia Nogalesek eta Maite Toquerok eskuratu dute, eta Abend garagardotegian bazkaltzeko gonbidapenak izan dituzte sari gisa. Laugarrenak  Alex Ramos eta Jabi Zamora izan dira, eta hauek, berriz, Avenida tabernan egin ahal izango dute otordua sailkapen horren trukean.

Lehiaketaren aurretik, bola jokoan aritu dira jubilatuak Michelingo kirol gunean, eta herriko gaztetxoenak ere izan dute non gozatua. Eguraldiak lagundu ez duen arren, Loidibarrengo pilotalekuan elkartu dira danborradako kide gaztetxoak, eta txarangaren laguntzarekin, giro onean astindu dituzte makil eta danborrak. 

Arratsaldeko ekintzekin hasi aurretik, indarrak berreskuratzeko, Sorgin Jaiek antolatutako herri bazkaria egin da Okendo plazako arkupeetan. Haatik, ez du izan beste urteetako arrakastarik. Eguraldi txarra dela-eta Tximistarreta parkean ordez Okendoko arkupetan egin dute, baina ez dira kuadrilla asko azaldu bazkaltzera. 

 

Hona hemen goizeko ekintzekin osatu dugun argazki galeria