Elizatzera mugitu zen herri afariko bilkura ondoren, bi aukera izan ziren gauerdian Lasarte-Oriako jaietan jarraitzeko: bata Isla plazan dantza piezak Iceberg orkestaren eskutik eta bestea Okendo plazan Ze esatek taldearen konpanian. Gaztetxoentzako, ordu berean atera zen ohiko moduz zezensuzkoa udaletxeko sarrera zaharretik. Iceberg taldeak hiru abeslari eta teklatuaren laguntzaz Isla plaza girotu zuen denentzako ezagunak ziren kantuen bertsioak eginez. Ze esatek taldeak, berriz, kantu berri eta betiko ezagunenak abestu zituen Okendo plazara gerturatutakoak animatzeko.
01:30ean atera zen Okendo plazatik Dinbi Banda taldea erritmo tropikalekin kaleak alaitzeko (bideoa hemen). Euria ez zen aitzakia izan konpartsa atzetik herritarrak dantzatuz joateko. Talde handia batu zuen batukada taldeak eta herriko kaleetan ibili ziren etengabe dantzan. Udaletxean eman zioten amaiera borobila.
2:30ean Los del Gas musika taldearen emanaldia egon zen Okendo plazan. Musika eta umorea uztartuz ibili ziren taldeko kideak mozorroak eta instrumentu musikalak soinean.
Gaua bukatzeko, Pablo Solo eta Furonia DJak egon ziren Okendo plazan lauetan hasita, Gautxori txaranga 05:30ean, txokolatada Elizatze plazan 06:00etan eta zezenak 07:00etan.
Gaupasa gau ederra gozatzeko aukera izan zen San Pedro jaietako azken egun bezperan. Gaua iruditan ikusteko egin klik hemen.