Euriaren mehatxupean hasi da eguna, baina ekitaldi gehienak arazorik gabe egin ahal izan dituzte. Soilik haurren bola eta toka botaldia eta Andatza plazako puzgarriak zapuztu ditu euriak. Okendo plazako arkupetan prest zuten tokara jokatzeko tresnak, baina eguraldi txarra dela-eta ez da inor azaldu.
Biyok Bat elkartearen dantza erakustaldia ere bertan behera geratuko zela zirudien, baina euriak su-etena eman du, eta lerroko dantzak egin ahal izan dituzte. Zuriz jantzita atera dira 40 bat dantzari, eta ikasturtean landutakoa erakutsi dute, salsa eta bachataren erritmora.
Bestalde, haurrek pilota txapelketako finalak jokatu dituzte Loidibarren frontoian. Lepo bete da frontoia, jende ugari gerturatu baita gaztetxoen pilotakadak jarraitzera. Txapeldunek ez ezik, parte hartzaile guztiek jaso dute gero merezitako saria.
Andatza plaza hutsik utzi du euriak, nahiz eta gutxi batzuk gerturatu diren euria noiz gelditu itxarotera. Arratsaldean Loidibarren frontoira eramango dituzte puzgarriak.
Eguerdirako ateri zenez, arazorik gabe desfilatu dute buruhandiek eta erraldoiek, Ttirriki-Ttarraka musika taldearen laguntzarekin. Gogoz korri egin behar izan dute buruhandiek, gaztetxo asko gerturatu baitzaizkie zirikatzera. Bada maskuria ostu eta buruhandiak beraiek egurtzen hasi denik. Blas de Lezo kalea zeharkatu ostean, arratsalderako atsedena hartu dute buruhandiek eta musikariek. Baita gaztetxoek ere, xexenak ikusteko irrikaz baitzeuden gehienak.