Baten batek lo egiteko premia bazuen bezperako parrandagatik, leihoak ondo itxi beharko zituzkeen, goizean goiz kantari esnatu baita Lasarte-Oria. 10:00etarako diana jo dute Ttirriki-Ttarraka taldeko pandero eta trikitixa joleek. Kalez kale joan dira abixatzen San Pedro eguna etorria zela. Extremadurako danbolik joleek ere zeregin horretan lagundu diete. Bi taldeek Okendo plaza izan dute ardatza, hortxe elkartu baitira joan-etorrian. Extremeña elkarteak girotuta, dantzan jarraitu dute plazan txistu eta danborren erritmoan. Gero bazuten-eta indarrak berritzeko aukera: miga dastatzea antolatu du elkarteak, eta ilara luzea sortu da jakia probatzeko.
Baina ez dira hamaiketakoa aurreikusi duten bakarrak. Ttakun Kultura Elkarteak antolatu du kalejira, eta, hamaiketakoa egin ostean, Sagardotegi kaleetik abiatu dira kantuan. Xumela abesbatzak hartu du parte ekitaldian, besteak beste.
Kantuan bakarrik ez, kirolean ere hasi dute San Pedro eguna beste askok. Trinketean partidak antolatu dituzte; palaz lehenengo, eta eskuz ondoren. Jende ugari bildu da lau pareten bueltan ikuskizunaz gozatzera.
San Pedro eguneko mezatik atera direnak ere tupustean egin dute topo beste kirol ikuskizun batekin. Herri kirolen erakustaldia egin dute Elizatze plazan. Bi talde lehiatu dira nor baino nor. Enborrak aizkoraz moztu, trontzan, txingetan, lokotxak bildu eta lasterka aritu dira. Horretaz gain, harri jasotze erakustaldia ere egin dute. Plaza adin guztitako jendearekin bete da, eta etengabe animatu dituzte kirolariak. Tartean bazeuden eskarmentu handikoak: Irune Izkuek eta Maika Ariztegik Urrezko Aizkora irabazia dute.
Haurrek ere izan dute ariketa egiteko abagunea. Andatza plazan parkea egin dute, eta izerdi patsetan amaitu dute askok saltoak emateagatik.