Horrenbeste itxaron ostean, iritsi da eguna: San Pedro bezpera da, eta haurrek hasi dute dagoeneko festa. Semblante Andaluz da aurten omendua, eta elkarteko gazteen dantza taldeek piztu dute txupina. Eguraldi onak ozta-ozta eutsi dio suziria bota arte, eta algara eta musika artean eman diote gaztetxoek ongietorria festei. Txupina lehertzearekin batera eztanda egin baitu festak: txarangaren erritmora hasi dira mugitzen bertaratutakoak, eta koloretako puxikak askatu eta dantzan hasi dira airean.
Patxintxi sariak banatu dituzte txupina bota ondoren. Ttakun Kultur Elkarteak bigarren aldiz antolatu du 65 urtez gorako pertsona maitagarri eta goxoenen lehiaketa. Aurten Jesus Mari Egizabalek eta Apoloni Otxandorenak jaso dituzte boto gehien. Eskerrak eman eta sanpedro onak opatu dizkiete bertaratutakoei.
Goizetik hasi dira festetarako ekitaldiak. Ur jolasak egin dituzte gaztetxoenentzako kiroldegian. Edadetuagoek ere ez dute galdu nahi izan sanpedroak ongi hasteko aukera: Biyak Bat jubilatuen elkarteak zunba erakustaldia egin du Okendo plazan, eta sasoian daudela erakutsi dute. Ekitaldi ugari prestatu dituzte jubilatuek; atzo Atsobakar egoitzan elkarte horretako abesbatzakoek kantatu zuten.
Musika izan da protagonista goizean. Txupinaren aurretik, Udal Musika Eskolako ikasleak atera dira kalejiran trikitixen eta panderoen doinuak lagunduta.
Tamalez, eguraldi txarra ere present egon da festaren hasieran. Txupinaren ondoren euri zaparrada batek ilundu du zerua, eta haurrentzako Tomaxen abenturak antzezlanari eragin dio. Pailazoak ahalegindu dira giroa alaitzen, baina arkupeetako aterpeetatik jarraitu behar izan dute ikuskizuna tarteka.
Hona hemen goizeko ekitaldiekin osatu dugun argazki galeria