Urrezko aizkolariak Elizatze plazan

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko eka. 27a, 18:00

Herri kirol giroa arnastuko da ostegunean Elizatze plazan. Sei parte hartzaile, hiru kideko bi talde eta bost proba: aizkora, trontza, lokotx bilketa, zakua altxatzea eta lasterka egitea. Urrezko aizkolariak dira kirolarietako bi: Irune Izkue eta Maika Ariztegi

"Animatzen ditut herritarrak proba ikustera joatera. Ikuskizun bikaina eskainiko dute sei kirolariek". Saioaren antolatzaile Peio Kañamaresen hitzak dira. Zurgai enpresan egiten du lan; eurak arduratu dira etziko herri kirol proba prestatzeaz. 11:30ean hasiko dira lanean hiruna kideko bi taldeak. Aizkoran ariko dira aurrena; gero, tronzan; lokotxak ere bilduko dituzte; zaku pisutsuak besoetan hartuta egingo dute arineketan; eta, bukatzeko, korrika egingo dute. 

Maika Ariztegi, Imanol Kañamares eta Josean Etxeberria. Hiru kirolari horiek osatuko dute talde bat. Bestean hauek ariko dira: Irune Izkue eta Xuban eta Manolo Kañamares. Atzo egin zuten azken entrenamendua, ikusteko zer moduz moldatzen diren aipatu bost modalitateetan, Peio Kañamaresek azaldu duenez.

Sei kirolari horiek ez dira izerdia botako duten bakarrak. Josetxo Urrutia harrijasotzaileak harri pisutsuak altxako ditu eta ingudearekin ere ariko da. Kañamaresek dio zehazteke dagoela noiz ekingo dion lanari Urrutiak. Bi aukera daude: proba mistoa bukatu eta gero hastea, edo, bestela, tartean, sei kirolariek atseden hartzen duten bitartean. "Azken orduan" erabakiko dute hori nola antolatu. 

Ariztegi eta Izkue 
Bi emakumezkok hartuko dute parte etziko saioan. Hainbat kiroletan aritzen dira, baina batez ere enborrak aizkorarekin mozten dira trebeak. Urrezko aizkolariak dira Maika Ariztegi eta Irune Izkue.

Hilabete hasieran Urrezko Aizkora irabazi zuen Izkuek, Azpeitian. 10.31ko denbora egin zuen kirolari nafarrak. Aurten aritu dira aurrenekoz emakumeak Urrezko Aizkoran.

Hilabete batzuk lehenago, Donostian, San Tomas egunean, Urrezko Kopan lehiatu ziren biak. Ariztegik irabazi zuen eta Izkue izan zen txapeldunorde.

Aurrez aurre ariko dira etzi. Prest eta gogotsu daude gure herriko Elizatze plazan ikuskizun ederra eskaintzeko. Kirola eginez gozatzeko.

Irune Izkue, aizkolaria:  "Sinplea zela uste nuen, baina bai zera!"

Beintza-Labaienen bizi da Irune Izkue. Duela bi urte eta erdi hartu zuen aizkora aurrenekoz. Orduz geroztik, ez da geratu.
Nolatan hasi zinen aizkoran? 
Baserriko lanak bizilagun batekin egiten nituen. Hark animatu ninduen: esaten zuen erraztasuna daukadala aizkoran aritzeko.
Erraza al da? 
Hasi aurretik sinplea zela uste nuen, baina bai zera! Teknika eta indarra behar dira. Teoria jakin, gero praktikara eramateko.
Zer menperatzea kostatzen zaizu gehien? 
Urduritasuna kontrolatzea. Hori ari naiz lantzen. Egiten ditudan markak apuntatu eta hobetzen saiatzen naiz. Nire buruarekin pikatuta egoten naiz egunero. Hori da kirola niretzat: erronka.

Maika Ariztegi, aizkolaria: "Prest gaude gazte jendeari irakasteko"

Aizkolari zaildua da Maika Ariztegi iturendarra. Duela hogei bat urte hasi zen. Lokotx bilketan ere trebea da: hamahiru txapelketa irabazi ditu segidan.
Astean zenbatetan entrenatzen duzu? 
Baserrian egiten ditudan lanak dira nire gimnasioa. Daukadan denbora libre apurra erabiltzen dut entrenatzeko.
Belaunaldi gazteek nahi dute aizkoran aritu? 
Betikoak ikusten ditut nik plazetan. Gu prest gaude gazte jendeari irakasteko. Ea txapelketak jokatzen hasteak animatzen dituen aizkora probatzera.
Lokotxak biltzen ere trebe askoa zara.
Nafarroako eta Euskadiko hainbat txapelketa jokatu ditut. Hogei txapela dauzkat etxean gordeta.