Hogeita bost urteetako ibilbidea egin du Semblante Andaluzek jada. Zilarrezko urtea izan da elkartzearentzat aurtengoa, eta, urteurrenari amaiera modu "ezinhobean" emateko, San Pedro jaietako omenduak izango dira, herritarrek horrela aukeratuta.
San Pedro eguneko txupina jaurtitzeaz arduratuko dira, eta, horrekin batera, ekainaren 29an, omenaldia egingo diete udal ordezkariek.
Elkartetik aitortu dute "poz handiz" hartu zutela berria, aitortzaren inguruan galdetzeko, Semblante Andaluzekin izan da Txintxarri.
Txupinero moduan hasiko dituzue festak aurten. Herriko festei hasiera polita emateko modua, ezta?
Ohore bat da guretzat Lasarte-Oriako San Pedro jaiei txupinero gisa hasiera ematea. Oso modu berezian jaso dugu omenduaren izendapena, izan ere, oso garrantzitsua izan da guretzat lasarteoriatarren izendapen hau. Udaleko ordezkariek eta herriko zenbait elkartek badakite zein den Semblante Andaluzek egiten duen lana. Hauekin guztiekin ere eskertuak gaude, baina herritarrek aukeratu izana benetan garrantzitsua izan da guretzat.
Hogeita bost urte hauetan egindako lanaren trukean jaso genezakeen aitortzarik onena izan da izendapen hau.
Hogeita bost urte bete dituzue aurten. Ez dakit izendapen hau egokitu zitekeenik espero zenuten?
Ez genuen inolaz ere espero. Aurtengo omendu aukeratua izan ginela esan zigutenean, erabateko sorpresa hartu genuen. Egia da, hautagaiak aurkeztu zirenean, herritar ugarik esaten zigula gu izango ginela aukeratuak, baina gainerako hautagaiak ere gurekin batera zeuden eta ez geneukan inolako ziurtasunik.
Nola jakin zenuten aukeraketaren berri?
Sin Pecado berri bat estreinatu dugu aurten Semblante Andaluzen, eta hori inauguratzeko ekitaldian jakin genuen gu ginela aurtengo festetako omenduak. Jesus Zaballos alkatea etorri zen ekitaldi horretara, eta berak eman zigun aukeraketaren berri. Txalo zaparrada artean, pozez hartu genuen albistea.
Bi txupinazotan izango da Semblante Andaluz datorren ekainaren 28an…
Halaxe da, bai. Eguerdian Semblante Andaluz Elkateako dantza taldeetako dantzari gazteak izango dira udaleko balkoira igo eta txupinazoan parte hartuko dutenak. Eta arratsaldekoan, berriz, zuzendaritza batzordeko zenbait kide igoko gara udaletxe berriko balkoira. Ez dakigu posible izango den, baina elkartearen hasierako urteetatik gaur egun arte dantza irakasten aritu den Carmen Vegas ere gurekin egon dadin saiatuko gara.
Nolako uneak izango direla aurreikusten duzue?
Pozarren biziko ditugu une horiek; zirraraz beteriko bizipena izango dela ziur gaude.
Pregoian entzun ahal izango den zerbait aurreratzerik bai?
Momentura arte ez daukagu ezer
aurreratzerik. Prestaketa lanetan ari gara, baina oraindik ez dugu ezer itxi. Den den, argi dugu Lasarte-Oriako herritarrei eskerrak emateko tartea izango dela; gure elkartea aukeratu izana eskertu behar dugu. Horrekin batera, urtez urte San Pedro jaiak aurrera eramateko lanetan parte hartzen duten guztiei ere eskerrak emango dizkiegu.
Izendapen honek ibilbidean aurrera jarraitzeko bultzada emango du, noski.
Aitortzek, nola ez, egiten ari zarenarekin jarraitzeko bultzada ematen dute beti. Aurtengo urtean, urte meteorikoa izan da guretzat. Hogeita bosgarren urteurrenarekin ahaleginak bikoiztu ditugu eta izugarrizko lana izan da. Horrenbesteko esfortzuen ostean, zertxobait nekatuta gaudela ere aitortu behar da.
Zilarrezko urteari amaiera biribila emateko modu ezin hobea izan liteke omenaldi hau.
Bai noski, inolako zalantzarik gabe. Urtea biribil amaitzen lagunduko digu aitortza honek.
Hemendik aurrera, urte hauetan guztietan egindako lana eta gero, zein erronka ditu Semblante Andaluzek?
Eginkizunarekin jarraitzea da datozen urteetarako erronka garrantzitsuena. Horrek esfortzu berezia eskatzen die zuzendaritza batzordeko kide zein elkartearen ekintzetan parte hartzen duten bazkideei.
Horrekin batera, belaunaldi berriekin ere lanean jarraitu behar dugu. Semblantek badu harrobia, baina gertuagotik zaindu beharko genituzke, gu ereiten ari garena ez dadin galdu. Eurak dira elkartearen etorkizuna.
Eta nola ez, Lasarte-Oriarekin dugun konpromisoa mantentzea. ere ezinbesteko erronka da guretzat.