Motorzaleen bilgune izan da Lasarte-Oria asteburuan. Vespa eta Lambretta erakusketa antolatu du Euskadiko Rally Scooter Club elkarteak, hirugarrenez: motor burrunbak entzun dira etengabe herrian barrena. Bi gurpileko ibilgailuen hotsek ez dute eguraldi ona uxatu, eta nabaritu da: iaz baino gidari gehiago animatu dira gurera etortzera.
Ostiral arratsaldean iritsi ziren motor gidariak. Jaizkibel plazan eman zuten izena, eta ikusgai jarri euren ibilgailuak: auzotar dezente gerturatu ziren Vespa eta Lambrettak ikustera. Buggy tabernan afaldu zuten, eta gaueko parrandarako prestatu: kaskoak, jakak eta eskularruak jantzi, motorra martxan jarri eta Buenetxea tabernara joan ziren. Psicoacoustic taldeak kontzertua eskaini zuen aurrena, eta Cazorla zein Marcos Carnaby DJek ordu txikietara arte luzatu zuten festa.
Bati baino gehiagori kosta zitzaion larunbat goizean ohetik altxatzea, baina gero ez ziren damutu. 10:30etik 12:30era arte Okendon aparkatu zituzten motorrak, herritarrek ikus zitzaten. Eguraldi ona lagun, iaz baino beteago zegoen plaza. Ehun Vespa eta Lambrettak koloreztatu zuten Okendo.
Adin guztietako jendea joan zen Okendora larunbatean. Argazkiak atera, motorren piezak ikusi...denetik egin zuten. Batek baino gehiagok nostalgiaz gogoratu zuen horrelako motorrak gidatzen zitueneko garaiak. Hainbat tokitatik etorri ziren motorzaleak asteburu-pasa: Eibar, Errioxa, Burgos, Zaragoza, Bartzelona edota Frantziatik.
Gidariek hamaiketakoa egin zuten euren Vespa eta Lambretten erakusketak iraun bitartean. Bi orduz Okendon egon eta gero, motorrak martxan jarri eta 60 kilometroko ibilbidea egin zuten. Ondoren, Donostiako Ulia ostatuan hartu zituzten indarrak. Bazkalostean, antolatzaileek sariak banatu zituzten, eta zozketak egin. 18:00etarako itzuli ziren motor burrunbak Lasarte-Oriara. Zumaburuko Andapa kalean jarri zuten larunbateko bigarren eta azken erakusketa.
Arkupe tabernan afaldu eta gero, bezperan bezala, DJek eta kontzertuak jarri zuten giroa Buenetxean eta inguruetan. Bobkat 65 taldea igo zen oholtzara aurrena; Rudy Garcia eta Mosoul DJek hartu zuten erreleboa.
Laugarrena, Adarra kalean
Gaur eguerdikoa izan da asteburuko laugarren eta azken erakusketa. Aurreko eguneko parrandaren ondoren, Adarra kalean elkartu dira Vespa eta Lambretta gidariak.
Bermuta edaten egin diote aurre ajeari hainbat motorzalek. Extremeña elkartean dastatu dute edari hori, eta baita bertan bazkaldu ere. Asteburua errepidean eta Lasarte-Oriako kale zein tabernetan pasa eta gero, euren etxeetara bueltatu dira motorzaleak, esperientzia ederra bizituta.
Aurreko astean motorrak izan dira protagonista, eta ez asteburuko rallyagatik bakarrik. Asteazkenean Wheels and waves jaialdia egin zen Hipodromoan. Europa osotik etorritako motorzaleek hartu zuten parte jaialdian. Lasterketak ere jokatu zituzten. Bestalde, Mendi Cafe Rock tabernan ere elkartu ziren hainbat motorzale larunbatean. Majarrada 2017 jaialdian hartu dute parte.