Dolu-egunak herriko kirol eta kultur eragileentzat

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ekainaren 15a

LOKE kirol elkartean tenisa irakatsi zuen urte luzez Xabier Gonzalezek; joan den igandean hil zen.

Egun ilunak ari dira bizitzen herriko kirol eta kultur eragileak. Joan den igandean zendu zen Xabier Gonzalez, 52 urte zituela: tenisa irakasten zuen LOKE kirol elkartean Mariasun Yurritarekin batera, eta Zero-Sette akordeoi orkestrako lehendakari eta kide ere bazen. Lasarteoriatar ugari gerturatu ziren astelehen arratsaldean San Pedro elizara; azkenekoz agurtu zuten herritarra hileta elizkizunean. 52 urte zituen Xabier Gonzalezek.

1987. urtean sortu zuen Gonzalezek Zero-Sette, Antonio Mercerorekin batera. Orduz geroztik han eta hemen ibili izan da, taldekideekin batera kontzertuak eskaintzen. Joan den larunbatean aritu zen azkenekoz, Semblante Andaluz elkarteak antolatutako Rocioko Erromerian. 2012tik zeraman lehendakari lanetan.

Akordeoia ez zen eskuetan ibiltzen zuen tresna bakarra. Gaztetatik makina bat alditan hartu zuen tenis erraketa ere. Mariasun Yurritarekin batera kirol diziplina hori irakasten hasi zen SCD Michelin taldean, eta LOKE Lasarte-Oria Kirol Elkartean gero. 
Michelin fabrikan 27 urte zeramatzan lanean. Mekanikaria zen ofizioz.

Ehizan ibiltzea ere gustuko zuen herritarrak: Urnietako Santa Cruz elkarteko kidea zen, eta Adarrako guneko ehiza postuen zozketez arduratu zen.