Urtero legez, Lasarteko Sariarekin amaiera bikaina eman diote 2016-2017 denboraldiari Buruntzaldea IKT taldeko gaztetxoenek. Aurrebenjaminek ohiko erakustaldia eskaini zuten, eta benjaminak eta alebinak euren artean eta Hernani KE taldeko igerilarien aurka lehiatu ziren.
Guztira 11 aurrebenjaminek hartu zuten parte. Denek 25 metroko froga burutu zuten, estilo librean. Ikusleen txalo zaparrada jaso ostean, denboraldian zehar egindako lan onaren ondorioz, saritxoa eskuratu zuten.
Alebinak eta benjaminak, bestalde, hainbat probatan lehiatu ziren. 200 metro lau estiloetako txapela Unai G. Somovillak eta Nora Imazek irabazi zuten.
Gaztetxo gehienek amaitutzat eman dute denboraldia herrian egindako festa handiarekin. Dena den, alebin mailako igerilari batzuek entrenatzen jarraitu beharko dute oraindik. Izan ere, Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak dituzte aurretik. Lurraldekotara sailkatu dira Aintzane Sarobe, Ane Artola, Nerea Santos, Nora Imaz, Unai G. Somovilla, Eneko Elizasu, Pello Ibargoyen eta Iker Felipe.
Horietan eskuratutako markek zehaztuko dute nortzuk lehiatuko diren lehiaketa autonomikoan.
San Martzial saria
Infantil eta kadete mailako igerilariak, bestalde, Irungo San Martzial sarian aritu ziren asteburuan, emaitza txukunak eskuratuz.
Guztira, urrezko lau domina eta zilarrezko bi irabazi zituzten Buruntzaldea IKT-ko kideek. Horietako bat, Mikel Esnalek eskuratu zuen, 50 metro tximeleta estiloan, kronoa 25,39 segundutan geratuz.
Leire Martin, berriz, onena izan zen 50 eta 200 metro bizkar estiloetan, eta txapeldunorde 200 metro lau estiloetan. 100 metro tximeletan nagusi izan arren, kanporatua izan zen.
Laugarren urrea Ainhoa Martinek irabazi zuen, 200 metro bular proban. Paula Sevillanok, bestalde, Espainiako Txapelketan lehiatu ahal izateko gutxieneko markak eskuratu zituen.
Lander Sorozabal, Beñat Alkorta eta Xabier Alonso ere txukun aritu ziren.
Ibarburu eta Tolosa, nagusi
Donostriku triatloian lehiatu ziren asteburuan taldekide Iñigo Ibarburu eta Itsaso Tolosa. Biek lortu zuten froga irabaztea. Urtean zehar igeriketan soilik lehiatu arren, erakutsi dute bizikletan eta korrika ere trebeak direla.