Lasarte-Oriako udal batzordeak aho batez babestu du Burunzpe Gurasoen Elkarteak aurkeztutako mozioa, eta bere egin ditu Sasoeta-Zumaburu ikastetxe publikoko gurasoen eskakizunak: udal gobernuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskatuko dio ikastetxe horretako haurren egoera konpontzeko datorren ikasturterako. Izan ere, Zumaburuko lanak direla eta, haurrak bi zentrotan banandu dituzte, eta, gurasoek salatu dutenez, behin-behinean egokitu den azpiegitura hori kaltegarria da haurren hezkuntzarako eta garapen sozialerako, segurtasunaren aldetik arriskutsua izateaz gainera.
Gurasoek beraiek parte hartu zuten astearteko ohiko biluran, eta azken urtebetean haurrek sufritutako gabeziak kontatu dituzte. Hezkuntza saila ez da gai irakur zitekeen batzarrera eramandako afixetan, eta haserre kargu hartu diete EAJko udal ordezkariei, Gema Gonzalez de Txabarri Hezkuntza sailaren Gipuzkoako ordezkariaren "soka berekoak" izateagatik: "Lotsagarria da gurasoek Hezkuntza sailaren lana egin behar izatea. Bi urte igaro dira, eta oraindik hemen gaude arazoa konpontzeko". Gurasoen ustetan, Eusko Jaurlaritzaren "axolagabetasunak", oro har, hezkuntza publikoari egiten dio kalte.
Berez, hilabete gutxitarako izan behar zuten Zumaburu ikastetxeko lanek. Behin-behinean HH2 eta HH3ko haurrak Sasoetako eraikinera eraman zituzten; hezkuntza maila berereko haurrak banandu dituzte, eta Sasoetako gela bakoitzeko haur kopurua erruz igo da –ia 500 haur daude, eta gelak erdira murriztu dira-. Bestalde, HH4 eta HH5koak euskaltegi zaharrean moldatu dituzte; eraikin hori ez dago egokitua lehen hezkuntzako haurrentzat.
Haatik, hasiera batean uste zena baino okerrago dago Zumaburuko eraikinaren egitura, eta egoerak betikotzeko arriskua du. 571.000 eurokoa da lanen lizitazio prezioa, eta, hortaz, obra handia da: aldizkari ofizialean argitaratu behar da tramite administratiboa. Horrek guztiak lanak atzeratu ditu, larrialdiko prozedura eman ez zaiolako, besteak beste.
Zaila izango da hurrengo ikasturtea hasterako prest egotea Zumaburuko eraikina, eta, horregatik, irtenbide bat eskatu dute gurasoek. Udalbatzarrak onartutako mozioaren arabera, udal gobernua konprometituko da Hezkuntza sailarekin hitzarmen bat sinatzera, administrazio horrek utz ditzan ikasleen eta irakasleen beharretara moldatuko diren zentroak. Delegaritzarekin batera, udala saiatuko da psikomotrizitatea lantzeko gelak eskaintzen. Eta ikasleen sarrera eta irteera orduetan, Udaltzaingoa present egongo da zentro horietan.
Udalean ordezkaritza duten talde guztiek sostengua erakutsi diete gurasoei, aho batez onartuta haien mozioa. Haatik, eztabaidaren unean kritika zorrotzat egin dizkiote batak besteari. Batez ere, EAJko ordezkariengan jarri dute arreta, Eusko Jaurlaritzako alderdia izateagatik. Estitxu Alkorta zinegotzi jeltzaleak ez du Hezkuntza saila justifikatu nahi izan, baina adierazi du Lasarte-Oriako Udala eta Eusko Jaurlaritza “ahal duten guztia” egiten ari direla. “Zilegia da eskatzea zentroa irailerako prest egotea, baina ezinezkoa da”. Beste alderdiei leporatu die Alkortak udalbatzarra erabiltzea “etekin politikoa” ateratzeko.
EH Bilduko Pablo Barrios bozeramaileak Gasteizko politikak jo ditu arazo iturritzat: “Badakigu denentzako nahiko dirua ez dagoela, baina dirua egon badago. Lehentasunak ezartzea da kontua”. Gipuzkoan bultzatu diren beste azpiegitura erraldoiak jarri ditu politika mota horren adibide: “AHT, erraustegia... EAJk eta PSOEk jartzen dituzte lehentasunak”.