"Zulo beltz batean murgilduta egon dira ETAren zerga iraultzailaren biktimak. Terrorismoaren biktimak babesteko elkarteak 1990eko hamarkadan sortzen hasi ziren, eta pertsona horiek gizartean ikusgai bilakatzen, baina ez zen gauza bera gertatu zerga iraultzailearen biktimekin". Gisa horretako hausnarketak partekatu zituen entzuleekin Izaskun Saez de la Fuente irakasleak Antonio Mercero gunean. Elkarbizik 2017rako antolatutako ekitaldi-sortaren barruan izan zen atzoko solasaldia. Jesus Zaballos alkateak aurkeztu zuen hizlaria.
Zerga iraultzailea eta horri lotutako beste hainbat aspektu jorratu ditu Saez de la Fuentek 'Misivas del terror' (Izuaren mezuak) liburuan. Hitzaldia aprobetxatu zuen lan hori aurkezteko: "Liburua irakurtzen duten askok garai horietan bizitakoak gogoratuko dituzte; batzuek hobeto erreakzionatuko dute, eta okerrago besteek. Kontuan eduki behar dugu zenbat eta esperientzia fuerteagoa bizi izan, orduan eta zailagoa dela erantzun libre eta kalitate etikoduna ematea".
"Gizartearen sektore batzuen diskurtsoek enpresariei gizatasuna kendu zieten eta gauza bihurtu zituzten; kasu askotan euren biktimizazioaren arduradun bilakatu zituzten", adierazi zuen Saez de la Fuentek.
Deustuko irakasleak hainbat datu plazaratu zituen zerga iraultzailaren inguruan. Zehaztu zuen "10.000 pertsona ingururi" eskatu ziela ETAk dirua ordaintzeko: "Batez ere enpresariak estortsionatu zituzten, baina baita komertzio txikietako jabeak ere".