Gipuzkoako zinema elkarterik zaharrenetarikoa da Okendo Zinema Taldea. 1986. urtean sortu zuten, nahiz eta ibilbide luze horretan etenaldi eta gorabehera batzuk izan dituen. Urte horietan guztietan eginiko auzolana saritu dute Ostadar SKTren denboraldi amaierako ekitaldian. “Ilusio handiz hartu dugu aitortza hori. Ezusteko handia izan da”. Laura Noguerasek eta Pilar Garciak urteak daramatzate elkartean. Herriko beste zinemazale amorratuekin batera, zinema komertzialetik harago kalitatezko pelikulak eskaintzen dituzte.
Zer esan nahi du zuentzat Ostadarrek eginiko aitortza?
Laura Nogueras: Ez dut uste gure lana saritzeko modukoa denik. Gustatzen zaigun gauza bat indartu eta bultzatu nahi dugu, eta horretan gabiltza. Beti herriko elkarteekin parte hartu dugu, eta zabalik egon gara elkarlanean aritzeko. Alde horretatik, uste dut auzolan saria egokia dela. Pili Garcia: Bere garaian Okendo Zinema Taldeak jende asko mugitzen zuen. Orain, gure lana apalagoa da. Halere, gutaz oroitzeak ilusio handia egin dit. Egia da urte asko direla, eta elkartearen ibilbideak merezi du.
Aspaldikoa da Okendo Zinema Taldea. Zerk piztu zuen elkartearen sorrera?
L.N.: Zinemarekiko grina handia zuen kuadrilla batek sortu zuen. Proposamen bat egin zuten udalean, eta, ostegunero hasieran, eta igandetan gero umeentzako, pelikulak ematen hasi ziren.
P.G.: Tedoso zinema itxi zenean bukatu zen garai hori. Garai batean hiru zinema zeuden Lasarte-Orian. Etenaldiak izan ditu elkarteak, lan handia eskatzen baitu, eta garai batzuetan jendea nekatu egin izan da.
Lasarte-Oria Donostia ondoan dago. Urtero egiten dute han Zinemaldia, eta giro berezia sortu ohi da. Zer eragin izan du horrek elkartean?
L.N.: Aitona zinemazalea nuen, eta klasikoak-eta hari esker ikusi nituen. Baina zinema garaikideaz dakidan guztia Zinemaldian ikasi dut, hango pelikulak ikusita. Guretzako harrobi bat da, handik ateratzen ditugu gero urte osoan kulturetxean ematen ditugun pelikulak. Goi mailako zinemaldia da. Jendea ez da konturatzen zer nolako altxorra den.
P.G.: Erreferentzia bat da, oso garrantzitsua. Horren gertu edukitzea sekulako luxua da.
Hiriburua eta merkataritza gune handiak gertu edukitzeak izango ditu ere eragin kaltegarriak zinemarentzako, ezta?
L.N.: Oso zaila egiten zaigu zinema komertziala horren gertu edukitzea, ezin dugulako harekin lehiatu. Beste zinema klubetan egoera desberdina da. Beasainen haiek kudeatzen dute dena. Baita Gernikan ere. Baina haiek bete egiten dituzte aretoak. Zergatik? Gernikan hori delako duten zinema bakarra, eta bestela Durangora edo Bilbora joan behar dutelako. Hor sortu duten giroa da garai batean Lasarte-Orian zegoena: ostiraleko plana da bokadilloa jatea, eta gero pelikula ikustea. Hori hemen egitea ezinezkoa da.
Halere, Zinema Okendo Taldeak eskaintzen dituen pelikulak eta merkataritza gune handietan ikus daitezkeenak desberdinak dira, ezta?
L.N.: Bai. Baina zinemarekiko joera bat indartu da, eta oso eroso egin du zinema komertziala ikustea. Gure pelikulak ez dira horrelakoak. Guri Internetek egin digu min asko. Pelikulak ikustera etortzen den jendearen batazbesteko adina 35-40 urte baino zaharragoa da. Ohiturak aldatu egin dira.
P.G.: Gazteak orain ez dira zinemara joaten, dena Internet bidez ikusten dute. Saiatu gara haiek erakartzen, gazteen artean arrakasta izan dituzten pelikulak jartzen. Baina ez dira etortzen. Batez ere, Interneten agerpenaz geroztik, izugarri egin du behera sarrerak.
Nola definituko zenukete Zinema Okendo Taldeak eskaintzen duen zinema? Zein motatako pelikulak bultzatzen dituzue?
L.N.: Aberasgarria den zinema eskaintzen saiatzen gara. Kalitatezkoa. Noski, kalitatezko pelikula komertzialak ere badaude, baina guk ez dugu hori sustatzen. Ikusteko zailak diren pelikulak jartzen ditugu, banaketa aldetik gurera iristeko zailtasunak dituztenak. Adibidez, Irango pelikulak, kalitatezkoak direnak. Aurten Oscar saria Irango pelikula batek irabazi du [The Salesman]. Horri eman nahi diogu bultzada bat; kalitatezkoa eta gutxiengoa den zinemari.
P.G.: Proposamen bat egiten duten pelikulak gustatzen zaizkigu, sakontasun batean sartzen direnak. Mundua, pertsonak... hobeto ezagutzeko. Horrelako bidaia bat egiteko, murgiltzeko.
Zer nolako pisua du euskal zinemak zuen programazioan?
L.N.: Oso garrantzitsua. Guretzako berebizikoa da, eta bultzada handia ematen diogu. Zuzendarien laguntza izaten dugu, gainera: Joxe Mari Goenaga etorri zen dokumentalak eta pelikulak aurkeztera (Loreak eta Lucio); Asier Altuna ere etorri zen Amama-ren emanaldira. Aukera dagoenean, beti eskaintzen dugu euskal zinema. Igelak eta Gazta zati bat ere eman genituen.
Zein da zehazki elkarteak egiten duen lana? Zein da udalarekiko duzuen harremana?
L.N.: Gu programatzaileak gara. Bilerak egiten ditugu, data batzuk dauzkagu, eta pelikulak aukeratzen ditugu. Azkenean, zerrenda bat egiten dugu, eta udaleko teknikariek egiten dute kontratazioa. Hau da, dirua udaletik ateratzen da. Gero haiek arduratzen dira sarreretaz.
P.G.: Ona da udalarekiko harremana. Alde horretatik, pribilegiatuak gara, babestuak sentitzen garelako. Oso polita da herriko jendea egotea zinema bultzatzen. Enpresa batek dena kudatuko balu, beste zinema mota bat sustatuko luke ziurrenik.