Herritar ugari lehiatuko dira Zarauzko XXXI. Triatloian

Trinkoko Enaitz Ibarburu eta Asier Gorostegi lehiatuko dira, Ramon Altuna eta Maria Mendiberekin batera

Triatloi denboraldiko froga garrantzitsua da Zarauzkoa. Lau herritarrek eman dute izena larunbateko frogan: Asier Gorostegi eta Enaitz Ibarburu Trinko taldeko kideek, Ramon Altunak eta Maria Mendibek.

Getariatik abiatuko dira triatloilariak, Zarautz bitarteko 2,9 kilometroko tartea igerian eginez. Bizikletan, berriz, 81 kilometroko bidea egin beharko dute. Meagas (bi aldiz), Orioko gaina eta Aiako pareta gainditu beharko dituzte.

Zarautz inguratzen duen zirkuito bati hiru buelta emanaz amaituko dute lasterketa.

Mendi lasterketak 

Triatloian ez ezik, mendi lasterketetan lehiatu dira pasa den asteburuan herriko kirolariak. Herritar ugarik hartu zuen parte Ereñotzuko mendi lasterketan. Beñat Los Arcosek  bosgarren postua eskuratu zuen, kronoa  1:11:44 orduko denboran geratu ostean.

Ruben Ruzafa garaileak herritarrak baino zazpi minutu gutxiago behar izan zituen hamabi kilometroko ibilbidea burutzeko.

Kanaria Uharteetan lehiatu zen, Bestalde, Jon Presa. Mendi maratoi erdia egin zuen herritarrak.

Hurrengo asteburuetan ere zenbait frogatan hartuko dute parte herritarrek. Horietako bat 'Onditz oroituz' Donostiako triatloi olinpikoa da. Trinko taldeko zenbait kidek parte hartuko dute hilaren 24an egingo den froga horretan. Igerian 1,5 kilometro, bizikletan 40 eta korrika hamar egin beharko dituzte.