Asteazkenean izan zen 2017ko sanpedroetan egongo diren jardueren aurkezpena. Tximistarreta parkean elkartu ziren festetan parte hartuko duten hainbat elkarteren kideak, eta datorren astean hasiko diren ekintzen laburpen bat egin zuten.
Txus Alonsok, udalaren izenean, programa ofizialaren irakurketa egin zuen. Azpimarratu zuen, aurten, lasarteoriatarren parte hartzea inoiz baina handiagoa izango dela: "Ekintza bereziez gain, hamalau elkartek aurkeztu dituzten ekintzak barneratuko dira". Programari dagokionez, aurten, iaz bezala, festen aurreko egunetan egingo diren ekintzak ekainaren 16an hasiko dira. "Aurreko urteetan izandako arrakastagatik mantenduko ditugu Biyak bat helduen egoitzako mahai-joko txapelketak, Vespa eta Lambretta motoen kontzentrazioa Okendo plazan, Erketz EDT taldearen emanaldiak, Alboka abesbatzaren saioa eta Udal Musika Eskolako kontzertua".
Horiek festen aurreko egunei dagokionez eta 23an, San Juan gauean, ohiko sua egingo da Andatza plazan, Erketz EDT-ko kideen laguntzarekin.
Programako eskema iazko berbera izango dela adierazi du Alonsok. Berbenak, Isla eta Jaizkibel plazatan; kontzertu nagusiak, Okendo plazan; eta haurrentzako parkeak, Andatza plazan.
Egitarauaren errepasoan, ekintza berezi batzuk nabarmendu ditu, berrikuntzak izango direlako. Alde batetik, haurren txupinazoaren ondoren, umeentzako animazioa izango da: Tomasen abenturak, Festara taldearen eskutik, Okendon. Bestetik, Busti Blai ekintzarekin batera, uraz gozatzen jarraitzeko, Atsobakarren ur-txirristra handia jarriko dute. Azkenik, Txirigotak itzuliko dira Lasarte-Oriara.
Ohiko txupinazoa, hilaren 28an izango da, 19:00etan, eta pregoia Semblante Andaluz elkarteak emango du, horietxek direlako omenduak aurtengo jaietan. Udaletxeko balkoitik emango dute jaien hasiera ofiziala, eta ondoren, Golden Apple Quartet taldeak girotuko du plaza. Okendon izango dira baita ere Zikiro Afaria (Ttakun eta Jalgin egongo dira sarrerak salgai) eta Sorginjaien txupinazoa, 21:30ean. Ondoren, Zaparra eta Skakeo taldeen kontzertuak antolatu dituzte.
San Pedro egunean, Ttirriki-Ttarrakako trikitilariek diana joko dute herriko kaleetan barrena, eta, ondoren, Extremadurako danbolin-jotzaileek. 11:30ean pilota-partidak (Villa Mirentxuko trinketean) eta herri kirolak (Elizatze plazan) antolatu dituzte; Maika Ariztegi eta Irune Izkue aizkolariak arituko dira.
Gauez, 22:00etan, bertso festa egingo dute Manuel Lekuona kulturetxean, Patxi Etxeberriari eskerrak emateko.
Ekainaren 30ean, gaupasa baino lehenago, 20:15ean, freestyle akrobazia erakustaldia egongo da Andatza plazan. 21:30ean, Okendo plazan, herri afaria prestatuko dute, sorginjaien eskutik. Afalostean, gauerdian, Ze Esatek taldeak joko du.
Larunbatean Efecto Pasillo entzuteko aukera egongo da (gauerdian Okendon), eta Go!azen taldeko bi aktore etorriko dira herrira (20:00etan Isla plazan).
Lasarte-Oriako boluntarioak izango dira buruhandiak eta zezensuzkoa bideratuko dituztenak kaleetan zehar.
Aurrekontuari dagokionez, delegazioen diru-laguntza eta hitzarmenekin, guztira 153.977,30 eurokoa izan da aurten.
Sasoeta Sasoian elkarteak lehen aldiz parte hartu du programan. Elkarteko kide batek esan zuenez, lehenengo urtea izanik, gogotsu dira festetarako; sanpedroak eta jendea Sasoeta auzora gerturatzea dute helburu. "Horretarako, txokolatada bat eta auzoa girotuko duen disko-festa xume bat"antolatu dugu, eta Sasoeta auzoko talde jator batek egingo du dantza".
Naiara Mujikak, Ttakun elkarteko Kultura eta Jaietako arduradunak elkarteko programa azaldu zuen: "Jai giroa aprobetxatuz, euskal kultura sustatzeko eta euskaraz ondo pasatzeko asmoz ekintzak antolatu ditugu". Herritar guztiei irekiak dauden ekintzak izango dira: ekainaren 28an, Patxintxi sarien banaketa egingo dute haurren txupinazoa amaitutakoan. Ondoren, haurren makarronada Atsobakarren, eta Bota ura ekintza. Astezkenean bertan, 16:30ean aterako da Oriatik Sorgin Dantza, eta, eguna borobiltzeko, Okendon, 21:30ean, Zikiro Afaria egingo dute. 29an, kantu dantza jira antolatu dute, eta herriko sagardotegietako sagardoa dastatzeko aukera egongo da.