Goibel esnatu da goiza Lasarte-Orian. Eguraldiak ez du lagundu, baina ez da oztopo izan Zabaletako auzotarrek euren jaiak ospatzen jarraitzeko.
Goizean IV. Sorgin Krosean egin dute lasterka hainbat kirolarik. David Martin eta Anabel Eleno izan dira garaile. 21:43 eta 26:13 minutu behar izan dituzte sei kilometroko ibilbidea osatzeko, hurrenez hurren. Iñigo Gurrutxagak, Luis Miguel Garaiartabek, Pili Bodegasek eta Maite Salazarrek osatu dituzte podiumak.
Horren ostean, Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako kideek desfilea egin dute auzoan barrena. Berez herrian zehar ibiltzekoak ziren, baina eguraldi txarra tarteko iritziz aldatu dute azkenean.
Antton Garini aitortza
Zabaletako auzo elkartea sortu zenetik lan eta lan ibili dira auzotarrak. Antton Garin da horietako bat. Aitortza hunkigarria jaso du gaur arratsaldean, bertso saioa hastearekin batera. Txanpi Baztarrikaren eskutik laranja koloreko zapi berezia jaso du, eta bertsolari bakoitzak agur bana ere kantatu dio. Hunkituta zegoen Garin.
Mus eta eskoba txapelketak ere jokatu dira, eta ikuskizuna eskaini du Txan Magoak. Gauerako ere hainbat ekintza daude aurreikusita: Zozongoren emanaldia eta kontzertu gaua. The Lobsters, Bar Remigio eta Erokomeri ariko dira. Hori eta gero, parranda luzatu nahi dutenek DJ Terexaren doinuak izango dituzte lagun.