"Egun on, hau egun ederra, euria ari du, baina ederra da, plazetan; putzutik putzura, saltoka doazen ero batzuk gara". Horrela dio Gozategi taldearen 'Egunon' abestiak, gaur arratsalderako ezin aproposagoa izan denak. Nahita aukeratu du kanta hori talde oriotarrak, Antonio Blas plazan aterkiak eskuetan zituzten herritarrak animatzeko. Eta lortu dute. Asteburu osoan bezala, gaur ere euria egin du goian behean, baina horrek ez du festa giroa zapuztu, eta dantza eginez itxi dituzte 2017ko Zabaletako festak.
Gozategiren emanaldia ez da izan gaurko egitarauko ekintza bakarra. Dianak esnatu ditu auzotarrak, eta baten batzuk animatu dira garbiketa txapelketan parte hartu eta plaza eta inguruak txukun uztera. Kukukan euskal dantza sorkuntza egiten duten ikasleek ikuskizuna eskaini dute karpan, eta bukatzean Oaintxe in deu! txarangak girotu ditu bazterrak.
Dema eta proba mistoa
Herri kirolak izan dira protagonista eguerdi partean. Astigarraga eta Oiartzundik etorri dira Emarri taldeko harri-tiratzaileak. Mikel Arriagak egin ditu entrenatzaile lanak. 550 kiloko harria arrastaka eramanda, 20 minutuan ahalik eta plaza gehien egitea zen erronka. 51 eta erdi egin dituzte auzotarren txalo eta animo artean. Aurkaria, Pepene baserriko 'Hiru' zaldia, 'Silla frances' arrazakoa eta hamahiru urteko adinekoa. Imanol Mujika eta Ander Iruretagoienak gidatuta, animaliak 30 minutu zituen 750 kiloko harria alde batetik bestera eraman eta Emarriko kideek egindako plazak bikoizteko. 101 baino gehiago eginez gero, Pepenekoek irabaziko zuten. Abiada bizian hasi da harria mugitzen 'Hiru', baina zortzigarrenetik aurrera behin eta berriro irristatu da eta konfiantza galdu du. Hainbat minutuz saiatu eta gero, Mujikak eta Iruretagoienak erabaki dute ez arriskatzea eta erretiratu egin dira. Ezin izan dute dema irabazi, baina ikusleen aitortza beroa jaso dute.
Hori eta gero, klasiko bat: proba mistoa. Bosna kidek osatutako lau talde lehiatu dira: 'Nesken taldea', 'Auzoko gazteak', 'Zabaleta Berri' eta 'Tellerigain'. Egin beharreko lanak, hauek: trontzalariek hiruna sabai moztu behar izan dituzte. Bukatzean, txingalariek hiru joan-etorri egin eta lokotx biltzaileei eman diete erreleboa. Horiek hamarna arto-buru jaso eta ziztu bizian joan dira plazako eskaileretara, euren zain zeuden korrikalariengana. Launa itzuli egin behar izan dituzte, plaza erdigunetik abiatu, biribilgunean buelta eman eta berriro plazara joanda. 'Tellerigain' izan da zirkuitua osatzen azkarrena: Xabi Arteaga eta Ander Rekondo aritu dira trontzarekin, Xabi Rekondok egin ditu txingalari lanak, Iñigo Arrietak jaso ditu lokotxak eta Jon Pello Artetxek egin du lasterka.
Bestalde, Unai Rebe eta Unai Ituartek irabazi dute aurtengo mus txapelketa. Martin Berasategi jatetxean bapo bazkaltzeko aukera edukiko dute.
Asteburuko ekitaldien argazki galeria eta bideoteka