Jaitsi da Teresa sorgina Zabaletara

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 2a, 22:49

Teresa sorginak ez du hutsik egin eta Zabaletako auzotarrekin duen hitzordura ohi bezain puntual iritsi da, arratsaldeko zazpietan. Teresategiko mendialdetik jaitsi eta auzoa sorginduko du igandera bitarte.

Eguraldiak ez du gehiegi lagundu arratsaldean zehar, baina ez da oztopo izan eta festa lehertu da Zabaleta auzoan. Asteartean murgildu ziren auzoko jaietan, baina asteburuan zehar egingo dituzte ekintza gehienak. Teresa Sorgina arratsaldeko zazpiak aldera jaitsi da Teresategitik eta Zabaleta sorginduko du igandera bitarte.

Kukuka Antzerki eta Dantza eskolako neska-mutilek antzerkian trebeak direla erakutsi dute plaza pareko karpan. Ordubetez ederki aritu eta gero, indarrak berritu dituzte eta txokolate goxoa dastatu. Txokolate usain gozoak erakarrita edo, Teresa sorgina iritsi da orduan, Juan Luis Yeregi eta Tomas Arrutiren txalaparta doinuek lagunduta. Parkeko teilatuan hartu du atseden, eta herritarrek eskaintzekoa zutena ikusi: sorgin dantza, nola ez. Euria ez da oztopo izan eta dozenaka lasarteoriatarrek astindu dituzte gorputzak.

Hori eta gero, Gazte Klubeko lagunen eskutik, bingoan aritu dira. Bien bitartean euren ikuskizuna prestatzen hasi dira Jalguneko kideak. Lau neska-mutil hartu dituzte boluntario: horietako bakoitzak pilota jaurti du diana koloretsura. Segun eta nora bota pilota, abesti bat edo bestea. Hainbat dantzatu dituzte: 'Euri tanta', 'Pausoka' edota 'Ahoa bizi, belarriak prest!'. Karpan elkartu direnek ere mugitu dituzte gorputzak. Eta ez Jalgunerekin bakarrik, Dinbi Banda batukada taldeko kideak ere egurrean aritu baitira arratsaldean zehar, karpan aurrena eta plazan barrena gero.

Gaueko ekintzak

22:00etan Kukukan dantza garaikidea lantzen duten ikasleek emanaldiak eskainiko dituzte. Ondoren, gaueko ordu txikietara arte ariko dira oholtza gainean 'Ezinke' taldekoak.

Argazki galeria eta bideoteka (asteburua aurrera joan ahala biak eguneratuko ditugu).