Lasarte-Oriako ingurune naturalen balio eta onurak ezagutzeko ibilaldiak antolatu ditu udalak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ekainaren 3a

Herritar guztiei zuzendutako ibilaldi gidatuak egingo dira ekainaren 7an eta 15ean. 'Konektatu Naturarekin' izango da aurtengo Aste Berdearen lema

Jesus Zaballos alkateak, ekainaren 7ean eta 15ean egingo den Aste Berdearen aurkezpena egin du, Arrai Faunaren Behatokian, eta egun horietarako prestatu dituzten jardueren berri eman du. Ingurune naturalaren balioa eta onurak ezagutzera eman nahi ditu Lasarte-Oriako Udalak egitasmoaren bitartez; "herritarrak ingurumenaren kontserbazioaren alde kontzientziatu nahi ditugu", azaldu du Zaballosek. Lasarteoriatarrek hurbileko ingurunea ezagutzea eta gozatzea , zein baloratzea lortu nahi dute egitasmoaren sustatzaileek. 

Horretarako, hainbat ibilaldi gidatu egingo dira herrian barrena datozen egunetan. Ekainaren 7an, asteazkena, bi ibilalditan parte hartu ahal izango dute herritarrek. Goizeko 09:30ean, Luis Mari Zaldua adituak gidatuta,  'Toki izenak ingurunearen aurkibide' euskarazko bisitan parte hartzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Ibilaldi berdinaren bigarren hitzordu bat ere izango da, arratsaldeko 19:30ean, Luis Mari Zalduarekin. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Okendo plazatik abiatuko da bisita gidatua.

Ekainaren 14an eta 15ean, berriz, Froilán Elespe parke botanikora egingo dira bisitak; ekainaren 14an euskaraz izango da bisita, eta, ekainaren 15ean, berriz, euskaraz eta erdaraz.

Antolatzaileek 943-67-02-49 telefono zenbakia jarri dute informazio gehiago eskuratu nahi duten herritarrek esku. Horrekin batera, ibilaldietan parte hartzeko izen ematea ere zenbaki horretara deituta egin ahal izango da.

Haurrak oinez ikastetxeetara

Horren aurretik, Ingurumenaren Munduko Egunarekin bat eginaz, ekainaren 5ean, Landaberriko eta Sasoeta-Zumaburu Ikastetxeko haur eta gazteak, oinez egingo dute ikastetxeetarako ibilbidea. 

Ondo ibili ekimenarekin bat

Era berean, Aste Berdeak bat egingo du 'Ondo Ibili' ekimenarekin. Horrela, ekainaren 9an, Lasarte-Oriako boluntarioz eta elkartez osatutako taldearekin bat egin, eta, Okendotik abiatuta ibilaldia egingo da herrian barrena.