'Bullying'

unai-munoa 2017ko ekainaren 2a

Bullying-ak protagonismo berezia hartu du azken garaietan. Gero eta gehiago gara gai honekin kezkatu garenak, baina, ez dakit behar beste sakontzen dugun afera honen inguruan.

Askotan idatzi dut emozioen munduari buruz, eta kasu honetan ere, hala dagokit. Jakina da, amorrua giza emozio basiko bezain ezinbestekoa dela. Nola defendatu gure burua arriskuen aurrean amorrurik gabe? Nola gainditu zenbait erronka amorruaren energia baliatu gabe? Amorruak laguntzen digu gure espazioa defendatzen eta beldurrei zein zailtasunei aurre egiten. Baina, emozio guztiek bezala, gaizki kudeatuz gero, eraikitzeko balio duena, suntsitzeko erabili genezake, eta are gehiago, amorruari zilegitasuna kentzen diogunean.

Amorruak gero eta espazio gutxiago duela iruditzen zait, eta gainera, indarkeriarekin nahasten dugu gehiegitan, baina ez dira gauza bera. Indarkeria, gaizki bideratutako amorrua dela esango nuke, errekako urak bezala, bide naturalari jarraitu ezin dionean aukera alternatiboak bilatzen dituena. Horrela, modu natural batean adierazten ez dugunean, zeharkako bideak aurkitzen ditu, nor bere baitan pilatzen ez denean behintzat, eta kasu horietan, ur geldiari gertatzen zaion moduan, usteldu egiten da eta pozoitu egiten gaitu.
Bururatzen zaidan galdera, beraz, hurrengoa da; zein espazio eskaintzen diogu ikasleen amorruari? Adibidez, irakasleok, gurasoek, gizarteak … Nola jokatzen dugu amorruaren aurrean? Amorratzea txartzat jotzen badugu, bere adierazpena mugatzea besterik ez dugu lortzen, eta orduan, klandestinitatera jotzen dugu, atzeko atetik, alegia. 

Agian, bullying-ak izan dezake honekin zer ikusia. Ezin badut nire amorrua azaldu, ezin badut desadostasuna adierazi, ezin badut gehiegikerien aurrean nire burua defendatu, ez bazait haserretzeko eskubidea onartzen … gelako ahulenaren kontra erabiliko dut amorru geldia, eta berak ordaindu beharko ditu nire frustrazioak. Helduen munduan ere ikusten da hori, nagusiari ezin erantzun eta etxekoekin ordaintzen ditugunean gure mala ostiak, adibidez.

Auziak sinplifikatzera ohitzen ari gara, eta gaiztoak eta txintxoak baino haratago ez badugu begiratzen, tiranoak eta biktimak bereizten baditugu naturaren lege bat balitz bezala, ez ditugu inoiz benetako gakoak topatuko. Baliteke bullying-ari aurre egiten eraginkorrak bihurtzea, baina ziur nago, amorruak bide alternatiboak bilatzen jarraituko duela, ez badiogu begietara begiratzen.