Badator antzerki eta dantza hamabostaldia

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 2a, 13:12

Ekainaren 6tik 18ra bitarte, askotariko antzerki eta dantza emanaldiez gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek. XV. Antzerki eta Dantza hamabostaldia egingo da egun horietan, eta, antzerki emanaldiekin batera, dantza ikuskizunak ere izango dira egitarauaren baitan

Hamabost urte bete ditu, aurten, Kukuka Antzerki eta Dantza eskolak. Zabaleta auzoan eman zituen lehen urratsak, eta, ordutik hona, etenik gabe ari dira antzerkiaren eta dantzaren munduan lanean.

"Orain hamabost urte hasi ginen Zabaletan. Herritik jende asko etortzen zen guregana, eta  egoera hura ikusita Lasarte-Oriako herrira eta ikastetxeetara zabaltzea erabaki genuen". Horrela azaldu dio Txintxarri-ri Kontxu Iartza Kukuka Antzerki ta Dantza Eskolako kideak.

Urtero moduan, aurten ere izango da antzerki eta dantza hamabostaldia gurean. 

 

 Zabaletako jaiekin bat eginaz, bihar, eguerdiko 12:00etan auzoko plazatik abiatuko da Kukukaren desfilea.

Lehen ekitaldi horren ostean, ekainaren 6an hasiko dira antzerki emanaldiak, Manuel Lekuona kultur etxean. Egun horretan, LH 3. 4. 5. eta 6.mailako gaztetxoen txanda izango da. Goizeko saioa (09:45ean) ikasleentzako izango da, eta, arratsaldeko saioa, berriz, gainerako ikus-entzuleei zuzenduko zaie.

Ekainaren 7an ere adin horretako ikasleak arituko dira oholtza gainean, eta, aurreko egunaren antzera, goizeko ordutegian (10:30ean) ikasleei zuzendutako saioak izango dira. Arratsaldekoak (19:00etan) gainerako ikus-entzuleek izango dute bertaratzeko aukera,

LH 1. eta 2. mailako gaztetxoen txanda izango da hurrengo egunean. Ekainaren 8an, Landaberri, Sasoeta eta Zubietako ikasleak arituko dira antzezle lanetan. Egun horretan ere bi saio egingo dira emanaldi bakoitzeko; 10:30ean  ikasleentzako, eta, 19:00etan bertaratu nahi duten gainerako  ikus-entzuleentzako. 

Hiru eguneko atsedenaldiaren ostean, ekainaren 12an bueltatuko dira kultur etxeko oholtzara antzezle gazteak. Egun horretan LH 1. eta 2. mailako gazteen txanda izango da berriz ere, eta, ohi bezala, goizean (09:45ean) eta arratsaldean (19:00etan) izango dira emanaldiak.

Ekainaren 14an ere izango da antzerkiaz gozatzeko tarterik. Goizean, ikasleentzako txanda izango da eta bi ordutegi finkatu dituzte: 10:30ean lehena, eta 12:45ean bigarrena. Arratsaldean, berriz, publiko zabalari zuzendutako saioak izango dira, 19:00etan. 

Antzerki emanaldiekin amaitzeko, ekainaren 16an eta 17an  ere bi antzerki obra eskaini-
ko dira, biak iluntzeko 20:00etan.

Dantza emanaldiak 

Antzerki saioekin batera, dantza ikuskizunak ere izango dira.

Ekainaren 17an, larunbatean, dantza garaikideaz gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek iluntzeko 20:00etan.