Gipuzkoako Txapelketan egindako lan bikaina errepikatu zuen Alazne Gonzalezek pasa den larunbatean Durangoko Landako kiroldegian. Senior B mailan bigarren ariketarik onena egin zuen Gonzalezek zintarekin. Entrenatzaile Maite Ruedak nabarmendu duenez, "harro egoteko moduko" saioa egin zuen lasarteoriatarrak. Guztira 22k hartu zuten parte Durangon.
Pilotarekin makalago aritu zen, baina halere, onenen artean sailkatu zen: seigarren puntuaketarik onena izan zen berea.
Zapore gazi-gozoa
Taldeka zazpigarren postuan sailkatu ziren LOKEko seniorrak hamalau taldeetatik. Ruedak nabarmendu zuen saio ona egin zutela, baina "baloiarekin egindako akats baten ondorioz" geratu zirela podiumetik kanpo.
Hortaz, taldekako lanak zapore gazi-gozoz bukatu ditu aurten senior taldeak.
Gipuzkoakoan brontzezko domina eskuratu zuen Aizpea Arroyok, Alazne Gonzalezek, Nora Fabianek, Haizea Gomezek eta Naroa Sanzek osatutako taldeak. Eibarren egindako saioak Durangorako txartela eman zion LOKEri.
Erregulartasunari saria
Ruedak adierazi duenez, "ez dute kexatzeko arrazoirik". Oro har, denboraldi txukuna egin dute, entrenatzailearen ustez. Gimnasta asko ikastera Lasarte-Oriatik kanpora joan izanak asko baldintzatu du taldea aurten. Taldekide batzuk hilean behin soilik izan dute entrenatzeko aukera. Hori kontuan izanik, "emaitza onak" izan dituzte aurten.
Asteroko entrenamenduetara joateko parada izan duten gimnasten emaitzak ere nabarmendu ditu Ruedak. Gehienek saria eskuratu dute Gipuzkoako Txapelketara sailkatuz, eta, batzuk, gainera, Euskadikora.
Azken hitzorduak
Denboraldiko balorazio "positiboa" egin du, hortaz, LOKEko gimnastika erritmikoko ataleko arduradunak.Bizi duten testuinguruan emaitza onak lortzea "zaila" dela onartu arren, "pozik" dira aurtengo emaitzekin.
Txapelketa nagusiak dagoeneko amaitu dituzten arren, oraindik ere beste batzuk jokatu beharko dituzte aurtengo denboraldiari behin betiko amaiera eman aurretik.
Hilaren 10ean eta 18an bi txapelketa jokatzeko aukera dute Bizkaia aldean, Leioan lehena, eta Getxon bigarrena.
Dena den, entrenatzaileak azaldu duenaren arabera, oraindik ez dakite bertan parte hartuko duten ala ez.
Izan ere, ekainaren 18an, LOKE taldeko denboraldi amaierako festa ospatuko dute, urtero legez, klubeko beste atalekin batera.
Aldi berean, gimnastika erritmikoko talde guztiek erakustaldia eskainiko dute kiroldegian ekainaren 17an.